Ekonomia -
Lan-gatazka
Aeronautikako langileek greba egin dute, ez dutelako kaleratzerik onartuko
Espainiako Estatuko aeronautika sektorea grebara deituta zegoen gaur, tartean kaleratzeak iragarri dituzten Aernnova eta ITP Aero Euskal Herrikoetan.
agentziak | erredakzioa
EAEko aeronautika sektoreko langileek greba egin dute gaur enpresa handietan iragarri dituzten erregulazio txostenak salatzeko, tartean ITP Aeron eta Aernnovan, eta ohartarazi dute ez dutela kaleratzerik onartuko.
Espainiako Estatuko aeronautika sektoreak greba eguna du gaur, tartean Arnnovan eta ITP Aeron, baina baita Aciturrin, Airbusen eta Alestisen ere. CCOOk eta UGTk deitu dute greba, eta horrekin batera ELAk antolatu du huelga ITP Aeron.
EAEko bi lantegi handien kasuan, Zamudioko (Bizkaia) ITP Aerok eta Berantevillako (Araba) Aernnovak bat egin dute grebarekin, eta manifestazioa egin dute Bilbon, eta elkarretaratzea lantegien aurrean.
ITP Aeron Zamudioko 194 langile kaleratzea proposatu du zuzendaritzak, eta negoziazioak irekita daude enpresa batzordearekin. Izan ere, atzo bilera bat egin zuten, eta bihar beste bat egingo dute, baina oraindik ez dute aurrerapausorik eman.
Bilboko manifestazioaz gain, ITP Aeron hirugarren greba eguna dute gaurkoa, ELAk deituta. Tailerreko langile guztiek egin dute bat protestarekin, Gaizka Aldazabal sindikatuaren ordezkariak jakinarazi duenez. Enpresako zuzendaritzak baieztatu egin du tailerretan jarraipena orokorra izan dela.
Enpresa horretan aldi baterako erregulazio txostena irailaren 30ean amaituko da, beraz, ez dago tarte handirik balizko kaleratzeak iritsi baino lehen. ELAk eta CCOOk ohartarazi dute ez dutela kaleratze bat bera ere onartuko.
Biharko bileraren ostean, sindikatuek barne batzarra egingo dute, eta orduan erabakiko dute zer egin. "Orain arte, enpresak kalera ateratzeko aukera bakarrik eman digu", ohartarazi du Aldazabalek.
Aernnovan, uztaila amaieran zuzendaritzak langileen % 20 kaleratzeko asmoa agertu zuen, eskariak behera egin zuelako, eta 450 langile kaleratu behar ditu Berantevillan.
CCOOko Feijook onartu du % 30-40 egin duela behera Aernnovan jaso duten eskariak, baina uste du enpresa bideragarria dela, hala ere. Horregatik, aldi baterako erregulazio txostena datorren urtera luzatzea proposatu dute.
Era berean, Eusko Jaurlaritzari babesa eskatu diote enpresak martxan jarrai dezan.