Ekonomia -
Azkunaren arabera
2012ko Bilboko udal aurrekontuetan "murrizpen nabarmena" izango da
Bilboko alkateak "garai gogorrak" datozela esan du, eta “denok” esfortzua egin behar dugula gaineratu du.
Erredakzioa
2012ko Bilboko udal aurrekontuetan "murrizpen nabarmenak" egiten saiatuko direla adierazi du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, egoera ekonomiko larriaren aurrean. Hala ere, zorpetzera ez iristea espero duela gaineratu du Azkunak.
Pertsona Nagusien Egunaren ospakizunetan egin ditu adierazpen horiek Azkunak, Euskalduna Jauregian. Minbiziaren aurkako tratamendu berria hasi zuenetik lehenengoz agertu da jendaurrean.
Azkunak esan du ekonomia “dagoen bezala” dagoela eta mundu osoak egoera zaila duela; "aro gogorra" izango dela gaineratu du.
Bilboko 2012ko aurrekontuak egiten ari direla eta "lehenbailehen" izan nahi dituela esan du. Horrez gain, Azkunaren hitzetan, ez dakite nondik "kenduko" duten, baina kendu egin beharko dute, ez baitute beste irtenbiderik. "Merkataritzak, industriak eta hotelek ez badute aurrera egiten, administrazioak ere ez du dirurik sartuko", nabarmendu du.