Ekonomia -

Lan-istripua

3 dolu-egun Lapuebla de Labarcan, alkate ohiaren eta haren lehengusuaren omenez

Maite Cordoba alkateak jakitera eman duenez, ostegun honetako arratsaldeko lehen orduan ezohiko osoko bilkura egin dute, eta aho batez erabaki dute hiru dolu egun ezartzea udalerrian.

Istripua izan den upategia. Argazkia: Arabako Suhiltzaileak
Istripua izan den upategia. Argazkia: Arabako Suhiltzaileak
Lapuebla de Labarcako Udalak hiru dolu egun ezarri ditu, atzo jazo zen ezbeharragatik

1:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lapuebla de Labarcak (Araba) hiru eguneko dolua ezarriko du Daniel Espada alkate ohiaren eta haren lehengusuaren heriotzengatik. Upategi batean izandako lan istripuan hil ziren biak asteazken iluntzean.

Maite Cordoba alkateak jakitera eman duenez, arratsaldeko lehen orduan ezohiko osoko bilkura egin dute, eta aho batez erabaki dute hiru dolu egun ezartzea udalerrian, ostiral honetatik igandera bitartean, herria "hunkitu" duen gertaera "izugarri" baten ondorioz.

Era berean, herriko plazan elkarretaratze isil bat antolatzeko aukera aztertu dutela azaldu du, baina azkenean ez dute onartu. Osasun arloko krisi-egoera honetan, jende asko biltzea ekidin behar da. "Aurrerago" hildakoei omenaldiren bat egiteko aukera aztertuko dute, gaineratu du Cordobak.

Lan-istripua 19:40an gertatu zen. Ordu horretan, 5.000 litroko depositu batera erori zen bi langile horietako bat, mahats-bilketan bildutako mahatsa irakin prozesuan zenean, Espada Ojeda upategian.

Dirudienez, prozesu horretan sortzen den gas karbonikoak eraginda, konortea galdu eta depositura erori zen gizona. Gertatutakoaz jabetu zenean, depositura erori zen gizonari laguntzen saiatu zen beste langilea, baina gauza bera gertatu zitzaion, bera ere barrura erori zen, Osalanek zehaztu duenez.

Ertzaintza eta suhiltzaileak ezbeharra jazo zen lekura bertaratu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin bi langileak onik ateratzeko.

Cordobaren hitzetan, (senararren lehengusua zen Espada) Daniel eta Marcos oso pertsona maitatuak ziren herrian. "Oso kolpe gogorra izan da", esan du.

Atsekabetuta, Daniel Espadak duela gutxi esan ziona ekarri du gogora, alegia, mahats-bilketan pozik zebilela COVID-19arekin ez delako inor kutsatu. "Segundo batean dena hautsi daiteke", erantsi du Cordobak.

Heriotza gehiago saihesteko neurriak eskatu dituzte UGTk eta CCOOk

UGT eta CCOO sindikatuek heriotza gehiago saihesteko neurriak hartzeko eskatu diete nekazarien patronalei, Daniel Espada Lapuebla de Labarcako (Araba) alkate ohia eta haren lehengusu bat, mahats biltegi batera erorita, hil ostean.

Horren aurrean eta istripu gehiago saihesteko, lan-arriskuen ebaluazioak areagotzeko eta mahats-bilketaren garaian prebentzio-neurriak hartzeko eskatu die UGTk nekazaritzako patronalei.

UGTk deitoratu egin du "sarritan mahats-bilketa kanpainetako sasoikako langileek pairatzen duten prekarietatea", eta, zoritxarrez, laneko segurtasuna eta osasuna "bigarren mailan" geratu ohi direla gogorarazi du.

CCOOk ere deitoratu egin ditu bi heriotza horiek, eta "onartezintzat" jo du urtea hasi denetik lantokietan 31 pertsona hil izana.

LABek Arabako Errioxako ardogintza defendatu du

Bestalde, Arabako Errioxako ardogintza eredu familiarra babesteko eskatu die LABek erakundeei. "Prekarietateak hil egiten du eta ezin dugu gaitz sozial hori normalizatu", defendatu du.

"Zenbat langile hil behar dira erakundeek gaiari buruzko neurriak har ditzaten? 2019an 46 hildako izan ziren, eta aurten, udaberrian izandako geldialdi ekonomikoa eta sektore batzuetako jarduera falta kontuan hartuta, zifra are odoltsuagoa da", azpimarratu du.

Gainera, Lapuebla de Labarcako istripuan, "Upategi txiki bateko bi langile dira, familiakoak, multinazionalekin eta makro ustiategiekin lehiatu behar duen ardogintzakoak".

"Bizirik irautea da helburua, bi eredu produktiboren arteko talka: eredu iraunkorra, dena suntsitzen duen eredu baten aurrean", adierazi du.

Ohartarazi duenez, familia upategien egoeraren ondorioz, "mahats bilketa garaian, lan kopuru izugarriak presioak eta nekea pilatzea dakar, eta horrek istripuak izateko probabilitatea handitzen du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Euskal hiriburuak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arabako Errioxako kuadrilla