Ekonomia -
CASTEJON
Urriaren 24ra atzeratu dute Trenasaren itxiera salatzeko manifestazioa
COVID-19agatik Nafarroako Gobernuak Castejonen eta inguruko beste bost herritan ezarritako neurri murriztaileak direla eta, enpresa batzordeak biharko manifestazioa atzeratzea erabaki du.
eitb.eus
CAFek Castejonen duen Trenasa lantegiaren itxiera salatzeko, manifestazioa deitu zuten biharko bertako langileek, baina COVID-19aren pandemiak eragin duen egoera dela eta, protesta bertan behera uztea eta urriaren 24ra atzeratzea erabaki dute. Izan ere, koronabirusak bereziki astindu du Erribera ia osoa, eta Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak ezarri ditu Castejonen eta inguruko beste bost udalerritan.
Hibai Flores Trenasako langileak eitb.eus-i adierazi dionez, "lantegia guztiz bideragarria da" eta CAFen erabakia da "lan-karga nola banatu". "Komeni zaienean lana ekartzen digute, eta komeni zaienean kanpora bidaltzen dute, merkeagoa delako. CAFek nahi duena egiten du gurekin", gaineratu du.
Enpresak langileei "informazioa ezkutatzen" diela eta eskuartean "guk ezagutzen ez dugun jokaldiren bat duela" uste du Floresek. "Bateko eta besteko erakundeak egiten ari diren presioaren aurrean" enpresak "konponbiderako borondaterik ez" agertzea ez dela "logikoa" esan du.
Asteon, Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria alde guztiekin berriro hitz egiteko prest agertu da, Castejongo plantaren itxiera ekiditeko. Halaber, Trenasak mahai gainean jarri duen enplegu erregulazio espedientea zorrotz begiratuko dutela, eta bertan jasotako arrazoi ekonomikoak eta produktiboak azertuko dituztela esan du.
Bere aldetik, Reyes Maroto Espainiako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak Renferen proiektu bat aipatu zuen, Trenasaren lan-gatazkaren konponbide modura, horren inguruko argibiderik eman ez bazuen ere.
Enpresaren proposamena
Trenasaren zuzendaritzak langileei egindako azken proposamen ekonomikoak, besteak beste, lan egindako urte bakoitzeko 30 egun ordaintzea jasotzen du (urte mugarik gabe), eta plantillaren erdia birkokatzeko plan bat.
Halaber, erregulazio espedientearen negoziazio epea amaitu orduko, urriaren amaiera aldera, langile gehienak kaleratzea aurreiskusten du enpresak, eta gainerakoak, urte amaieran, lantegiak egun jasota dituen enkarguak amaitutakoan.
Joan den asteazkenean bildu ziren langileen ordezkariak eta Trenasako zuzendaritza, Iruñean. Gatazka lehertu zenetik egin duten bigarren batzarra izan da, eta bertan aurkeztu zuen bere proposamena enpresak.
Miguel Angel Molina enpresa batzordeko presidentearen arabera, ez da onargarria zuzendaritzak mahai gainean jarritakoa, "Trenasa bideragarria" delako.
Urriaren 2tik greba mugagabean daude Trenasako langileak, eta ez dutela amore emango argi adierazi dute, "gatazkaren konponbidea za¡la" dela onartu arren.