Ekonomia -

Lan gatazka

Iberdrolak langile kopurua % 15 murriztea proposatu du

1.450 langile kalean geratzea suposatuko luke, eta enpresaren asmoa adostutako kaleratzeak izatea da, nahiz eta ez duten zehaztu aurre-erretiroak izango ote diren.

Bilboko Iberdrola dorrea. Argazkia: EiTB
Bilboko Iberdrola dorrea. Argazkia: EiTB
Bilboko Iberdrola dorrea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberdrola eta sindikatuak lan-hitzarmen berria negoziatzen hasi dira, eta dagoeneko aldeek aurkeztu dituzte negoziaziorako hasierako proposamenak: enpresak langileen % 15 kaleratzea aurreikusten du, eta sindikatuek % 1,5 eta % 3,7 arteko soldata igoerak nahi dituzte.

Negoziaziotik gertuko iturrietatik jakinarazi duenez, hasi besterik ez dira egin elkarrizketak, proposamenak atarikoak dira, eta goitik jotzen ari dira.

Enpresaren proposamenen artean dago langile kopuruaren murrizketa, 1.450 ingurukoa, hain zuzen ere; eta adostuta egingo litzateke, baina oraindik ez dute zehaztu aurre-erretiroen bitartez egin nahi ote duten.

Hitzarmen berriaren negoziazioaren hasieran (abenduaren 31n indarrean dagoena ordezkatu behar du), sindikatuek % 1,5 eta % 3,7 arteko soldata igoera finko eta finkagarria proposatu dute, eta % 1,5 eta 3,25 arteko igoera gehigarria, emaitzei lotuta.

Era berean, urteko lanorduak % 7 murriztea (1.670 ordu) eta antzinatasunagatiko beste ordainsari bat eskatu dute.

Langileen ordezkarien beste eskaera batzuk hauek dira: enpresak % 100eko ekarpena egitea langile guztientzat, osasun poliza zabaltzea langileen senide guztientzat, opor egun batzuk ematea antzinatasun urte bakoitzeko, lanaldia malgutzea eta kontziliazioa eta baimenak hobetzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak