Ekonomia -
Euskal Finantzen Kontseilua
Ogasunek aurreikusitakoa baino 800 milioi gutxiago bilduko dituzte
Horixe onartu du Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Euskal Finantzen Kontseiluaren batzarraren ostean.
Erredakzioa
Euskal ogasunek 11.691 milioi euro bilduko dituzte 2011n, aurrikusitakoa baino 800 milioi gutxiago. 2012an 12.117 milioi euro biltzea espero dute. Kontu publikoen jasangarritasuna lortzeko perspektiba ekonomiko "eskasa" da.
Euskal Finantzen Kontseiluaren bilera amaitu ostean Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak egoera hori onartu du. Opor fiskalen diru-laguntzak itzuli dizkiete aldundiei enpresek, baina Gasteizko Exekutiboak diru hori aurten bilduko ez duela adostu du aldundiekin.
Diru kopuru horiek datorren urtean itzuliko dizkiote Eusko Jaurlaritzari aldundiek, Ekarpenen Legeak finkatzen duen protzentajearen bidez, hau da, bildutakoaren % 70. Hala ere, aldundiekin aldebiko akordioetara heldu beharko da Jaurlaritza.
Lau erakundeak alderdi politiko ezberdinek gobernatzen dituzte eta Euskal Finantzen Kontseilua testuinguru horrekin biltzen den aurreneko aldia da.
Gastuak "erabat" murriztea
Eusko Jaurlaritzako langileen, diru-laguntzen eta funtzionamenduan gastuak "erabat" murriztuko dituzte 2012an, Aguirrek iragarri duenez.
Aurreikuspenak ez dira bete diru-bilketari dagokionez eta horrek udalen altxortegiari eragin diezaioke, baina hiru ahaldun nagusiek egoera Estatuko beste zonatan bezain larria ez dela argi utzi nahi izan dute.
Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren desadostasun bakarra bi fondoren luzapenean izan dela azaldu du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Izan ere, azpiegituretarako eta osasun gaietarako bi fondoak datorren urtean ez luzatzea erabaki du Gasteizko Exekutiboak, eta horrek aldundiei 66 milioi euroko galerak ekarriko dizkiela salatu du Bilbaok.
Arabako egoera ekonomikoa dela-eta kezka azaldu du Javier de Andres lurralde horretako ahaldun nagusiak. Horregatik, datorren urteko aurrekontuak "oso zorrotzak" izango direla iragarri du De Andresek.