Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aguirre: 'Murrizketak egin behar dira, baina ez gastu sozialean'
Eusko Jaurlaritzari gastuari eusteko hilabeteak datozkiola esan du Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak.
Erredakzioa
Carlos Aguirre Ogasun sailburua Radio Euskadiko "Más que palabras" saioan elkarrizketatu dute gaur. Sailburuak datu-bilketari buruzko aurreikuspenak berretsi ditu, hau da, euskal ogasunek 11.691 milioi euro bilduko dituztela 2011n, aurreikusitakoa baino 800 milioi gutxiago, eta 2012an 12.117 milioi euro biltzea espero dutela.
"Behar gehiago ditugu eta behar baino diru gutxiago", esan du sailburuak. Egin beharreko murrizketen inguruan, gastu arruntean egingo dutela esan du, "diru-laguntzak murriztuko ditugu esaterako, baina inoiz ere ez hezkuntzan, osasunean edota laguntza sozialean", berretsi du.
Fiskalitatean lehendakariak egin duen proposamena gogoratu du Aguirrek. "Eusko Jaurlaritzak gastu arrunta eta inbertsio handiak bereizten ditu eta ezin dira bi gai hauek nahastu, hau da, ezin dira jarri gastu sozialak inbertsio handien aurka, inolaz ere ez, eredua ez da hori".
"Baina sistemak moldaketa batzuk behar ditu, zerga-sistemak. Ez ditu aldaketa handiak behar, baina bai 6 edo 7 neurri zehatz".
Inbertsio handien inguruan galdetuta, "ikusiko dugu Pasaiako portuaren gaiak nola jarraituko duen, baina euskal Y-a bermatuta dago, eta ez du gure zerga sisteman eraginik izango", erantzun du sailburuak
Lehendakariak zerga ereduaren erreforma mahai gainean orain dela urte eta erdi jarri zuela gogoratu du Aguirrek. "Sailean lanean gaude jada, eta hainbat Aldundik ere planteatu dute gaia, Gipuzkoakoak esaterako", adierazi du sailburuak.
Euskal erakundeen zorraren inguruan, Aguirrek esan du BPGren % 7,5ean daudela. "Beste erkidegoen batez bestekoa % 12an dago, eta batzuk % 20 daude gainera". Horregatik, "gure erakundeen zorra oso txikia da", adierazi du Aguirrek.
Eusko Jaurlaritzaren zorraren eta Aldundien zorraren inguruan ezberdintasun handiak dauden ala ez galdetuta, Aguirrek esan du Aldundiek zor handiagoa dutela, " guk aurrekontu handiagoa dugu, baina Aldundiek ez dute zor arazorik", adierazi du ekonomia sailburuak. "Euskal erakundeek ez dute horrelako arazorik".
Iruzurraren aurkako borroka
Aguirrek egin dituen aurreikuspenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko iruzur fiskala 2.300 milioi euro inguruko da. Horregatik, "zerga sistemaren eredua nola moldatu" ikustea beharrezkoa dela iritzi dio "ekonomia horiek azaleratzeko".
"Zerga sisteman aldaketak eginez ere lor daiteke iruzurraren aurka egitea", adierazi du. "Ezinezkoa da ezkutuko ekonomia hutsean gelditzea", esan du, baina bai ordea "urtero gutxitzea eta urtetik urtera puntu bat behera egitea"; ondorioz, euskal kutxek 200 milioi euroko diru-sarrerak izango lituzkete".