Ekonomia -
Garraioa
Europa barneko sareetan Euskadiren papera indartu du EBko mapa berriak
Euskadi Atlantikoko eta Kantauri-Mediterraneoko trenbide eta errepide korridoreetan barneratuko dute. Iñaki Arriola Garraio sailburuaren hitzetan, Euskadirentzako "aukera" bat suposatzen du.
Erredakzioa
Europa Barneko Sareak osatuko dituzten korridoreen berri eman du Europako Batzordeak. Horrela, 2003an onartutako mapa berritzeko prozesua amaitu dute. Europa barneko sareetan Euskadiren papera indartzen du mapa berriak. Horrela, Euskadi Atlantikoko eta Kantauri-Mediterraneoko trenbide eta errepide korridoreetan barneratuko dute.
Gainera, Bilbo EBko garraio politikaren lehentasuna bihurtu da.
Bost korridoreekin osatutako Espainiako proposamena onartu du Batzordeak: Mediterraneoa, Zentrala, Atlantikoa, Kantauri-Mediterraneoa eta Atlantiko-Mediterraneoa, Gobernu zentralak jakitera eman duenez.
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuaren hitzetan, Euskadirentzako "aukera" bat suposatzen du Europako Batzordearen erabakiak, enpresen "lehiakortasun eta lotura handiagoak" lortzeko. Era berean, "enplegu eta garapenerako itxaropena" dakarrela adierazi du Arriolak.
Sailburuak prentsaurrekoa eman du arratsaldean Donostian. "Albiste bikainarengatik" zoriondu da. Arriolaren ahotan, Euskadin "ongizate gehiago" sortzen eta "herrialde moderno bat eraikitzen" lagunduko du.
Ardatz Atlantikoko azpiegituretan 24.579 milioi euro inbertituko ditu Espainiako Gobernuak.
Frantzia eta Portugal lotu
Europako Batzordeak Abiadura Handiko Trenaren ardatz Atlantikoa (Frantzia eta Portugal lotzen dituena Euskal Herritik pasatuz) sartu du 2014tik aurrera diru-laguntzak jasoko dituzten hamar lehentasunezko azpiegituren artean.
Europako Batzordeak Mediterranioko eta Erdiguneko ardatzak ere sartu ditu 2014-2020rako diru-laguntzak jasoko dituztenen artean. Erdiguneko ardatzaren kasuan, baina, Canfranceko tunela egiteko proiektua ez du diruz lagunduko.
Mediterranioko korridorea (Algecirasetik Frantziako mugara) eta Atlantikoa (Portugaldik Frantziara Euskal Herria igaroz, eta Coruñara, Gijonera eta Madrilera adarrak izango ditu) osorik onartu ditu.
Erdiguneko ardatzaren kasuan, Algeciras-Madril-Zaragoza ibilbidea onartu du soilik. Zaragoza Bilborekin eta Tarragonarekin lotuko litzateke gero.
Garraio komisarioa
Siim Kallas Europar Batasuneko Garraio komisarioak aitortu du Pirineo erdigunean tunela jartzearena "asko eztabaidatu duten gaia" izan dela.
Kallasen esanetan, mendi inguruetan "tunelek segurtasun eta ingurugiro arazo handiak eragiten dituzte". Gainera, ez du uste Pirinioetako tunela jartzea "errealista" denik.
Dena dela, Europako Batzordeak Pirinioetarako "errepide alternatibo bat" eraikiko dutela aurreratu du.
Era berean, Europako Batzordea ikerketa gehiagoren zain dago tunela bigarren mailako sarean sartzeko eta 2030erako amaitzeko.
Mediterranioko korridoreari dagokionez, Algecirasetik (Cadiz) Portbouraino (Girona) joango da Mediterranioko kostako portu garrantzitsuenetatik igaroz. Baina Almeria eta Algeciras arteko lotura barnealdetik izango da, Granadatik eta Sevillatik pasata, Malagako kostatik joan beharrean.
Europar Batasunak 31.700 milioi euro inguru emango ditu 2014-2020 artea Europako garraio sarea finantzatzeko eta egun sortzen diren inbutuak saihesteko.