Ekonomia -

LAN GATAZKA

Osakidetzako hiru greba egunetako lehenengoa egin dute Araban

Eusko Jaurlaritzaren arabera, langileen % 8,4k egin du greba. Sindikatuen arabera, "oso zabala" izaten ari da jarraipena, batez ere lehen arretan.

Txagorritu ospitaleko langileen protesta. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Txagorritu ospitaleko langileen protesta
Txagorritu ospitaleko langileen protesta. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako osasun zentroetan egin dute Osakidetzan deitutako hiru greba egunetako lehenengoa. Giza baliabide gehiago eta inbertsio handiagoa eskatzen dute sindikatuek.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, langileen % 8,4 batu da grebara. Portzentajea apur bat handiagoa izan da erizainen (% 9,1) eta medikuen (% 8,9) artean, beste kategoriekin (% 8,1) alderatuz gero. Azaroren 5ean eta 12an greba egingo dute Gipuzkoan eta Bizkaian, hurrenez hurren.

ELA, SATSE, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE eta Utese sindikatuek esan dutenez, bereziki lehen arretan izan du eragina grebak, baina ez dute jarraipenaren portzentajerik eman.

Euren ustez, Eusko Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri ditu, COVID-19aren pandemiaren bigarren oldea aprobetxatuta.

Besteak beste, hiru greba egun hauek deitu dituzten sindikatuek aurrekontuetako inbertsioa Europako batezbestekora heltzea eskatzen dute, laurden bat lehen arretara bideratuta, bai eta langile gehiago kontratatzea eta aldi baterako 15.000 langileen egoera sendotzea ere.

Dozenaka osasun langilek eta azpikontratatutako sukaldeko, garbiketa eta anbulantzietako langilek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Txagorritxu ospitalearen aurrean. "Honaino heldu gara" eta "Txalo gutxiago eta inbertsio gehiago" bezalako mezuak irakurri ahal izan dira pankartetan.

Elkarretaratzea bukatuta, sindikatuek salatu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak ez dutela mahai gainean jarri "euskal osasun publikoaren huts larriak konpontzeko" neurririk.

Horregatik, aurrekontu handiagoa eskatu dute osasun publikorako, langile gehiago kontratatzea, aldi baterakoen egoera erregulatzea eta, langileen osasuna eta segurtasuna bermatze aldera, murrizketen eta pribatizazioen aurreko egoerara itzultzea.

ELAko Esther Saavedrak esan duenez, grebaren jarraipena "oso zabala" izan da, batez ere lehen arretan, eta horrek erakutsi du zerbitzua “saturatuta eta lanez gainezka” dagoela.

Gaineratu du hamar osasun zentrotako arreta guneak "itxita" egon direla eta gripearen txertaketa kanpainan lan egiten duten erizain guztiek lanuztea jarraitu dutela.

"Gaur inoiz baino gehiago beharrezkoa da Osakidetzak dituen egiturazko arazoei konponbidea ematea, urrunetik baitatoz eta ez baitira birusarekin hasi; baliabide gehiago behar dira, inbertsio handiagoa beharrezkoa da, eta lan baldintza duinak eta egonkortasuna eskaini behar zaizkie langileei, inoiz baino arrisku handiagoan gaude eta", azaldu du.

UGT-Euskadiko Marife Camposen arabera, kalitatezko zerbitzu bat emateko beharrezkoa da lanean ere kalitatea izatea, eta horretarako enplegua sendotu behar da LEPen bitartez, pandemia honetan osasun langileak jasotzen ari diren presioa gutxitu behar da eta giza baliabideak ondo kudeatu behar dira.

"Olatu berri honek nekatuta eta estresatuta harrapatu gaitu langileok, eta berriz ere borrokaren lehen lerroan jarri bihar gara datorren guztiari aurre egiteko", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Araba ELA Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana berriak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Osasun albisteak gaur Euskal sindikatuak CCOO albisteak UGT Langileen Batasun Orokorra Lan gatazkak azken ordukoa ESK sindikatuaren azken ordukoa