Ekonomia -
ZORDUN HANDIEN ZERRENDA
38 enpresak eta norbakakok 129 milioi euro zor dizkiote Arabako Ogasunari
2019ko abenduaren 31n Ogasunarekin milioi bat euro baino gehiagoko zorra zuten zergadun handien zerrenda argitaratu du Arabako Foru Aldundiak.
EITB.EUS
Laugarren urtez, 2019ko abenduaren 31n milioi bat euro baino gehiagoko zorrak zituzten zergapekoen zerrenda argitaratu du gaur Arabako Ogasunak. 38 enpresak eta norbanakok 129.365.537 euro zor dizkiote Arabako Ogasunari.
Iruzurraren aurkako Planaren baitan argitaratzen ditu Arabako Ogasunak zor handiak dituzten zordunen izenak, eta laugarren urtea da hori egiten duena. Iazko ekaineko datuekin alderatuta, aurten zerrenda horretatik hiru zordun atera dira eta lau zordun sartu, horietatik hiru ikuskatze akten ondorioz.
Zor gehienak porrot egin duten edo hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresei badagozkie ere, % 32k jardunean jarraitzen dute. Ildo horretan, Itziar Gonzalo de Zuazo Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen diputatuak azaldu duenez, "iruzurraren aurkako borrokak lehentasuna izaten jarraitzen du Gobernu honentzat, zordun bakoitzak Ogasunarekin eta, beraz, arabarrekin duen zorra berreskuratzeko bide guztiak agortzearen aldeko apustua egiten jarraitzen baitu".
Zordunak pertsona fisikoak diren kasuetan, (hiru daude zerrendan), haien izen-abizenak eta NAN zenbakia agertzen dira. Horien guztien artean bederatzi milioi euroko zorra dute Arabako Ogasunarekin.
Pertsona juridikoei eta entitateei dagokienez, sozietatearen izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia argitaratzen dira. Guztira, 35 pertsona juridiko ageri dira, eta guztira 120 milioi euroko zenbatekoa dute ordaintzeke. Juridikoki posible izan den kasuetan, Dirubilketa Zerbitzuak pertsona fisikoak jo ditu zorren ordainketaren erantzule solidariotzat.
Ordaintzeke dauden zor guztien zenbatekoa agertzen da zerrendan, baina ez dira sartu geroratuta, zatikatuta edo etenda daudenak, ezta zergapekoari oraindik jakinarazi gabe daudenak ere.
Zordunei buruzko informazioa hiru hilabetez egongo da jendaurrean, eta epe hori amaitzen denean, informazioa ez da gehiago eskuragarri egongo. Foru Ogasunak zordunen zerrenda argitaratuko du urte bakoitzeko lehen seihilekoan, erreferentziatzat aurreko urteko abenduaren 31 hartuta.