Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Iruzur fiskalaren aurkako plana egitearen aurka agertu dira PP eta EAJ
Ezker Batuak aurkeztutako proposamen batek Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei iruzur fiskalaren aurkako plana sortzea eskatzen zuen. PPk eta EAJk kontrako botoa eman dute.
Erredakzioa
Iruzur fiskalaren aurkako plan berezi bat abian jartzeko eskaeraren aurka batu dira EAJ eta PP Eusko Legebiltzarrean. Ezker Batuak aurkeztutako proposamen batek Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei iruzur fiskalaren aurkako plana sortzea eskatzen zuen, baina jeltzaleek eta popularrek aurkako botoa eman, eta ekimena bertan behera geratu da.
Ezker Batuaken proposamena oinarritzat hartuz, PSEk, EAk eta UpyD sinatutako emendakina aurkeztu dute Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Aralarrek puntu bakar batzuk babestu ditu.
Alderdi hauek iruzur fiskalaren plan berri bat sortzea eskatu diote Zerga-Kideketarako Sailari (Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiak osatutako organoa da), "helburu zehatz eta neurgarriekin" iruzur fiskala saihesteko helburuarekin.
Euskadiko hiru Ogasunek Espainiako Zerga Agentziarekin elkarrekiko lotura izatea proposatu dute aipatu alderdiek, "uneoro", iruzur fiskalaren aurka egin ahal izateko eta datuak alderatzeko.
EAJk eta PPk kontrako botoa eman dute, ekimenak Foru Aldundien "konpetentziak" errespetatzen ez dituela argudiatuz. Azaldu dutenez, Foru Aldundiek dirua bildu eta zerga ikuskaritza egin behar dute, eta ez Jaurlaritzak.
Jeltzaleek eta popularrek emendakin berri bat aurkeztu dute eta, haien legebiltzarkideen botoei esker, aurrera atera da. Gainerako taldeek aurkako botoa eman diete PPren eta EAJren proposamenari.
Onartutako dokumentuan, Foru Aldundiei iruzur fiskalaren aurkako borrokan "jarraitzeko" eskatu diete PPk eta EAJk. Aldundien eta Estatuko Zerga Agentziaren arteko elkarlana mantentzeko eskaria ere onartu dute popularrek eta jeltzaleek.