Ekonomia -

Itxita, COVID-19agatik

Iturgaizek laguntzak eskatu ditu, "ez apurrak", ostalaritzaren "galbidearengatik"

Euskadiko PPko presidenteak uste du Jaurlaritzak sektorea "umiliatu" duela 15 milioiko laguntzak eskainita, eurek 180 milioi eskatu baitzituzten.

Iturgaiz, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Carlos Iturgaiz.
Iturgaiz, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak ostalaritza-sektorea "umiliatzea" eta "galbidera eramatea" egotzi dio Eusko Jaurlaritzari, tabernen eta jatetxeen itxiera agindu eta gero. Sektorearentzat laguntzak eskatu ditu, "ez apurrak eta huskeriak", nabarmendu du.

Iturgaizek prentsaurrekoa eskaini du COVID-19ari aurre egiteko hartutako azken neurrien balorazioa egiteko. Horren iritzian, ostalarien "haserrea eta amorrua" ulertzen ditu, eta gogorarazi du sektoreak 180 milioi euroko erreskate-plana eskatu ziola Jaurlaritzari. Horri erantzunez, Urkulluren gobernuak 15 milioi euroko laguntzak baino ez omen ditu eskaini.

Hala, Urkulluri "erreskate eta suspertze plan" bat eskatu dio, bestelako neurriak hartzeko.

Lehendakariari "hausnarketa eta zuzenketa" eskatu dio Iturgaizek, eta PP+Cs taldeak Legebiltzarrean "zenbait ekimen" aurkeztuko dituela iragarri du: interpelazio bat Legebiltzarrean, ostalaritzarentzat "benetako laguntzak" eskatzeko ez-legezko proposamen bat eta lehendakariari galdera hurrengo kontrolerako saioan.

Alderdi Popularraren ustez, erreskate-plan horren muina "zero diru-sarrera, zero zerga" izan behar da. Beste neurri hauek ere eskatu ditu: taberna eta jatetxe bakoitzari iazko azaroan fakturatutako % 75 ematea, itxita dirauten artean alokairuak eta hipotekak ordaintzeko laguntzak eskaintzea, eta burokrazia kentzea laguntzak berehala heldu daitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak albisteak Gizartea Ekonomia Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Jatetxeak Enpresaburuak Tabernak Koronabirusa Carlos Iturgaiz Alarma-egoeraren amaiera