Ekonomia -
Bizkaiko aurrekontuak
Bizkaiak %1,7 murriztuko du bere aurrekontua
Gastuei dagokienez, Aldundiko sailek 2012rako izango duten kudeaketa propioko aurrekontua 1.420 milioi euro izango da, 2011koa baino % 3,3 txikiagoa.
Erredakzioa
Bizkaiko Ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok Ogasuneko diputatu José María Iruarrizagarekin batera aurkeztu du gaur 2012ko ekitaldirako aurrekontuen proiektua. Oinarrizko hiru ardatz hauek izango ditu: gizarte-ongizatea mantentzea, kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea eta, azkenik, inbertsio publikoa.
Aurrekontu hau legegintzaldi honetako lehenengoa da, eta orain arte pertsonen alde egin den apustua mantenduko du; izan ere, gizarte-politikak eta inbertsio publikoak konbinatuko dira Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumeneko arlo guztietan.
Sarreren atalari begiratuz gero, datorren urtean 7.134,5 milioi euro baino apur bat gehiago biltzea aurrez ikusten da: 2011ko aurrekontuan jasotakoa baino % 1,7 gutxiago. Gastuei dagokienez, berriz, Aldundiko sailek 2012rako izango duten kudeaketa propioko aurrekontua 1.420 milioi euro izango da, 2011koa baino % 3,3 txikiagoa. Ahaldun nagusiaren iritziz, aurrekontu zorrotza, doikuntzak egitekoa, prestatu da, baina haren aburuz aurrekontu hori bideragarria da eta bat dator Aldundiaren jardunaren hiru ardatz nagusi izango direnekin: gizarte-ongizatea eta oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzea, eta inbertsioa publikoa egitea ere. Edo hori bera kopurutan azalduta:1.420 milioi euroko aurrekontua izango du Bizkaiak, eta horietatik 725 milioi (% 51,5) pertsonen duintasuna mantentzeko bideratuko dira, eta 381,5 milioi, berriz, inbertsio publikora. Aurrez ikusita dauden inbertsio garrantzitsuenak direla-eta, hauek aipatu ditu: nekazaritzako azpiegiturak eta bide-azpiegiturak; Euskalduna Jauregia handitzea; San Mames inguruan EHUren campus berria eta San Mames Barria eraikitzea; Guggenheim museoa; AIC proiektua; Metro Bilbaoren 1. eta 2. lineatarako ekarpena zein 3. linea; Bilborako sarbideak egitea eta ingurumenari lotutako zenbait lan ere bai. Aurrekontuotan azpimarratu beharreko beste alderdi bat doikuntzak izango dira. Ahaldun nagusiak aurreratu duenez, beharrezko doikuntzak izango dira, baina burutik bertatik hasiko dira.Hain zuzen ere, Ahaldun nagusiak berak inbestidura-hitzaldian iragarri zuenez, gutxitu egin da Foru Administrazioko goi-kargudunen kopurua.Aurreko legegintzaldiarekin (2007-2011) alderatuta, 15 goi-kargudun gutxiagorekin hasi du Foru Administrazioak ibilbide berri hau (3 foru diputatu, 6 zuzendari nagusi eta foru enpresen zuzendaritza-taldeetako 6 kide gutxiago daude).