Ekonomia -
Kapitalizazioa
Espainiako bankuek ez dute Estatuaren laguntzarik eskatuko
Banco Santander, BBVA, Bankia, La Caixa eta Banco Popular bankuen arabera, ez dute laguntza publikorik beharko eskatutako 26.161 milioi euroak lortzeko.
Erredakzioa
Espainiako bost banku handiek Jose Luis Rodriguez Zapaterok goizaldean egin dituen adierazpenak berretsi dituzte horrela, entitate horiek eskatutako kapitala laguntza publikorik gabe lortuko dutela adierazi ondoren Espainiako Gobernuko presidenteak.
Halaber, Espainiako Bankuaren ideia berretsi dute, kaudimen eskaera berriak "zentzuz" gainditu ahalko dituztela esanez. Eta hori, eskaeren arabera, Espainiako banku sistema Greziakoaren ondoren funtsa gehien behar duena dela ikusita.
Espainiako Bankuen Elkartearen ustez, exijentziak "altuak eta ezarritako arauetatik urrun" daude. Horrez gain, Espainiako bankuen patronalak ziurgabetasuna sortu izana kritikatu du eta egindako erresistentzia probei sinesgarritasuna kendu zaiela gaineratu du.
Espainiako erakundeen defizita Europako finantza sistemako banku garrantzitsuenei eskatutako 106.447 milioi euroen ia laurdena da. Espainiako Bankuak entitateei bidalitako lehenengo kalkuluen arabera, Santanderrek 14.971 milioi eurotan indartu behar du bere ondasuna, BBVAk 7.087 milioi eurotan, Banco Popularrak 2.362 milioi eurotan, BFA-Bankiak 1.140 milioi eurotan eta La Caixak 602 milioietan.
Zenbateko horiek, ordea, txikiagoak izan daitezke, Banco Santanderrek, esaterako 5.224 milioi eurotaraino jaitsi du bere beharra akzioetan bihurtu daitezkeen bonuak kontuan hartuta.
Gainerako entitateek ere eskakizunak euren kabuz beteko dituztela ziurtatu dute, arrisku aktiboak murriztuta, kapital organikoa sortuz edota goreneko mailako funtsa handitzea ahalbidetzen dien beste edozein formula erabilita.