Ekonomia -
Enpresarien Kongresua
Almunia: 'Politika komun gehiago ezartzea da irtenbide bakarra'
Lehiaren Europako komisarioak begi onez jo ditu Bruselako goi-bileraren erabakiak. ETAri buruz, "bakea gure bizitzaren parte" izango dela uste du.
Erredakzioa
Joaquin Almunia Europako Lehiaren komisarioak begi onez jo ditu Bruselako goi-bileran hartu berri diren erabakiak batasun ekonomikorako aurrerapausoak direlako, izan ere, horixe omen da "krisitik ateratzeko irtenbide bakarra".
Almuniak CEDE Enpresarien VII. Kongresuan egin ditu adierazpenok, Bilbon. Agerraldiaren hasieran ETAren armak uzteko erabakia izan du hizpide eta "bakea gure bizitzaren parte" izango den ustea duela adierazi du.
Europar Batasunak atzo egin zuen goi-bilera ekonomikoaren ondorioak azaldu ditu Almuniak enpresarien aurrean eta "aparteko garrantzia" eman die, Europar Batasuneko estatuek batasun ekonomikoa lortzeko beharra utzi baitzuten agerian.
Almuniaren esanetan, "krisiaren hasieran hartu beharreko" neurri sorta bat onartu zuten goi-bileran.
Akordioaren lehen puntuan "Greziaren premiazko arazoa" konpontzeko beharra azpimarratzen dela azaldu du Almuniak. Era berean, banku sistemaren finantziazio arazoak eta Eurogunearen erabakitzeko ahalmenari buruzkoak konpontzea bilatzen omen du.
Buruzagi espainiarrak uste du krisiak agerian utzi duela "batasun ekonomikoak ez zituela pieza guztiak elkartuta eta borondate politiko gehiago behar dela osatzeko".
"Euroguneko estatu guztiek" onartu omen dute 2krisiaren arazoei aurre egiteko" beharrezkoa dela "estatuen subiranotasuna mugatzea erabaki komunak hartu ahal izateko".
Lehiaren komisarioak zehaztu duenez, Bruselak onartutako neurriak urtarrilaren 1ean jarriko dira indarrean eta Almuniak berehala lanean hasteko deia egin du, izan ere, orain arte "asimetrikoa izan da ekonomiaren eboluzioaren azkartasuna eta Europar Batasunak erabakiak hartzeko izan duen mantsotasuna".
Dena dela, Almuniak esan du akordioa ez dela azkena izan behar, erabakiak hartu behar baitira "euroaren sistema sendotzeko, zalantzak saihesteko, zor publikoaren arazoak konpontzeko eta Greziari irtenbidea emateko".