Ekonomia -

Koronabirusa

7.230 ostalarik zuzeneko diru-laguntzak eskatu dituzte dagoeneko

"Martxoaren 24az geroztik" Eusko Jaurlaritzak martxan duen "erreskate plana" defendatu du Urkulluk. "Egoera kritikoan" dagoen sektoreari laguntzeko neurri berriak eskatu ditu EH Bilduk.

Bilboko negozio bat itxita. Artxiboko argazkia: EFE
Bilboko negozio bat itxita. Artxiboko argazkia: EFE
Bilboko negozio bat itxita. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jarduera mantentzen laguntzeko eta itxieraren galerak arintzeko 4.000 eurora arteko zuzeneko diru-laguntzak martxan jarri zituen Eusko Jaurlaritzak. Dagoeneko 7.230 ostalarik laguntzak eskatu dituzte. COVID-19aren pandemiari aurrea hartzeko, tabernak eta jatetxeak duela 20 egun itxi zituzten.

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu zenetik astebete pasa da, eta 7.230 ostalarik eskakizuna egin dute jadanik, Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan azaldu duenez. “Eta guztiei erantzungo diegu”, ziurtatu du, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideari erantzunez.

“Egoera kritikoan” dagoen sektoreari laguntzeko neurri berriak eskatu ditu Casanovak. Aldi baterako lan-erregulazioen osagarriak eta prestazioak kobratzeko atzerapena eta jarduerari ezarritako mugak argudio bezala erabili ditu EH Bilduko legebiltzarkideak.

“Sektorearen zati bat salbatzeko garaiz gabiltza, beste bat desagertu delako jadanik. Mugitu zaitezte”, eskatu die Jaurlaritzako kideei bere eserlekutik. Ostalariek protestetan erabilitako kartelak erakutsi ditu Casanovak Ganberan.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea. Argazkia: EFE

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea. Argazkia: EFE

“Martxoaren 24az geroztik”, aurreneko alarma egoera ezarri eta handik gutxira, Eusko Jaurlaritzak martxan duen “erreskate plana” defendatu du lehendakariak. Sektore guztientzako neurri “orokorrak” onartu zituztela gogorarazi du agintariak, pandemiak jarduera guztiei eragin dielako.

Urkulluren hitzetan, egitasmoa “eguneratu eta berrindartu” dute eta, gainera, ostalaritzarentzako “zuzeneko diru-laguntzak” martxan jarri dira, Eusko Jaurlaritza “itxieraren ondorioetatik kanpo” ez dagoelako.

Aste Santuan, ostalaritza bakarrik ez, “saltokiak, hezkuntza, kultura, enpresak, industria… herri osoa ixtea proposatu zenuten, ostalaritzatik hasiz”, leporatu dio Urkulluk EH Bilduri, eta orain “ezkutatu nahian zabiltzate”, aurpegiratu dio.

“Pertsonen bizitzaren gainetik ekonomiari lehentasuna eman izana egotzi zeniguten”, deitoratu du lehendakariak. “Egoerari eusteko” EH Bilduren “konponbide erraza: AHT gelditzea eta zergak igotzea” izan zen, gogorarazi duenez.

“Estatuko Aurrekontu Orokorrak AHT gelditu barik eta zergak igo gabe onartu berri dituzue. Eta ostalaritzari laguntzeko neurririk gabe, hemen martxan ez dugunik ez, behintzat”, erantsi du.

EH Bildu, kexu gobernuaren jokabidearekin; Urkulluk dio elkarrizketa zabalik dagoela

EH Bildu kexu gobernuaren jokabidearekin; Urkulluk dio elkarrizketa zabalik dagoela
EH Bildu kexu gobernuaren jokabidearekin; Urkulluk dio elkarrizketa zabalik dagoela
EH Bildu kexu gobernuaren jokabidearekin; Urkulluk dio elkarrizketa zabalik dagoela

1:23
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gaixotasunak Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Koronabirusa Alarma egoera Dirulaguntzak gaur