Ekonomia -
Idealista.com orriaren arabera
Estatuan beste inon baino garestiagoa da erabilitako etxebizitza EAEn
Gipuzkoa eta Bizkaia lurralde garestienak dira (3.705 eta 3.407 euro, metro karratuko), eta Donostia hiriburu garestiena (4.866 euro, metro karratuko).
Erredakzioa
Idealista.com higiezinen webguneak etxebizitzen prezioen inguruan argitaratu duen azken indizearen arabera, Euskadin Estatuan beste inon baino garestiagoa da erabilitako etxebizitza (3.369 euro, metro karratu bakoitzeko), eta Gipuzkoa eta Bizkaia Estatuko lurralde garestienak dira (3.705 euro eta 3.407 euro, metro karratuko, hurrenez hurren). Gainera, Donostiak hiriburu garestiena izaten jarraitzen du: 4.866 euro ordaindu behar dira batez beste, metro karratuko. Jarraian, lehen aldiz, Bilbo dago zerrendan (3.620 euro, metro karratuko).
Estatu osoari erreparatuz, erabilitako etxebizitzaren prezioak behera egin du berriro urrian (% 1,8). Metro karratu bakoitzeko, 2.128 euro ordaindu behar dira batez beste. idealista.com webguneko datuen arabera, urrian erkidego guztietan merkatu dituzte prezioak, eta, probintziei dagokionez, 47tan egin dute prezioek behera.
Beherakadarik handienak Asturiasen (% 3,7), Gaztela-Mantxan (% 3,4) eta Errioxan (% 3,3). Taula honen beheko aldean Galizia (% 0,2ko beherapena), Nafarroa (% 0,9) eta Balear Uharteak (% 1) daude.
Euskadi autonomia erkidego garestiena da oraindik, eta metro karratu bakoitzeko 3.000 euroko maila gainditzen duen bakarra da. Jarraian, Madril (2.982 euro, metro karratuko), Katalunia (2.397 euro, metro karratuko) eta Kantabria (2.343 euro, metro karratuko) daude. Erkidego merkeenak Extremadura (1.359 euro, metro karratuko), Murtzia (1.367 euro, metro karratuko) eta Gaztela-Mantxa (1.420 euro, metro karratuko) dira.