Ekonomia -

ENPLEGU PUBLIKOA

Jaurlaritzak Administrazioan behin-behinekotasuna amaitzeari bidea ireki dio

Administrazioak deialdia egin ahalko du behin-behineko langileen kopurua plantillaren % 40tik gorakoa bada. Lanean zortzi urtetik gora daramaten behin-behineko langileek plaza lortu ahalko dute.

Eusko Jaurlaritza. EFEren artxiboko irudia.
Eusko Jaurlaritza.
8 urteko antzinatasuna duten interinoei azterketa praktikoa bakarrik eskatuko zaie

1:26

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du EAEko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileen egitura eguneratuko duen Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektua. Administrazioak LEP bat egin ahal izango du behin-behineko langileen kopurua plantillaren % 40tik gorakoa bada.

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, deitutako lanpostuen kidego eta eskaletan gutxienez zortzi urteko antzinatasuna duten behin-behineko langileek plaza bat lortu ahalko dute, deialdi bakoitzeko lanpostuetako ohiko prozedura eta eginkizunekin lotutako proba praktiko bat eginez. Oposizio-lehiaketetako proba bat izango da.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuak proeitktuaren nondik norakoak azaldu ditu, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Proeiktua Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, tramitatu dezan.

Legeak lanpostu bakoitzerako eginkizunak eta titulazioak berrantolatzeko aukera emango du, eta Administrazioaren talde eta azpitalde profesionalen kopurua sinplifikatuko du. Era berean, lanpostu bakoitzaren baldintzak eguneratzeko eta aldatzeko prozesuak malgutuko ditu, lanbide-titulazioetan gertatzen diren aldaketen arabera.

Horrek giza-baliabideen antolaketa hobetzea ekarriko luke, eta, era berean, herritarren beharrei erantzun egokia ematea ahalbidetuko luke. Gainera, langileen hautaketaren arrazionalizazioan aurrera egitea ekarriko luke, unean uneko antolaketa-beharrekin bat etorriz.

Etorkizuneko legeak gaur egungo talde eta azpitaldeen kopurua sinplifikatu nahi du; beraz, 2 kidego profesional egongo dira, eta, horien barruan, 54 eskala:

Kidego orokorra: administrazio-jarduerari lotutako eginkizunak betetzen dutenak hartuko ditu barnean. Kidego horrek lau eskala profesional izango ditu: administrazioko goi mailako eskala, administrazio kudeaketakoa, administraziokoa eta administrazio-laguntzakoa .

Kidego berezia: lanbide bati edo lanpostu jakin batzuei buruzko ezagutza espezifikoa eskatzen duten eginkizunak betetzen dituena. Kidego honek 50 eskala profesional bereiziko ditu, hala nola, farmazia, meatzeak, haziak, juridikoa, kartografikoa, medikuntza, hirigintza...

Lege proiektuak bi xedapen gehigarri ditu eta horiei esker lan-eskaintza publikoetan sartzeko txanda bereziak sortu ahal izango dira, deitutako plazen kidego eta eskaletan gutxienez zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen duten behin-behineko langileentzat.

Behin-behineko langileak plantillaren % 40 baino gehiago direnean zabalduko da aukera. Prozesuak proba praktiko bakarra izango du, deialdi bakoitzeko lanpostuetako ohiko prozedurekin, zereginekin eta eginkizunekin lotuta. Lehiaketa-oposizioen barruko kanporaketa-proba izango da.

Praktikan, enplegua finkatzeko bide bat izango da, gaur egun bitarteko langileek betetzen dituzten eta administrazioan balio handiko esperientzia eta ezagutza ematen duten lanpostuetan. Arau honek beharrezko estaldura emango dio prozesu honi berme juridikoarekin aurre egiteko, beti ere Funtzio Publikoan zuzendu behar diren berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz.

BIDEOA: Zer pentsatzen dute bitarteko langileek Eusko Jaurlaritzaren lege-proiektuari buruz?

Zer pentsatzen dute bitarteko langileek Eusko Jaurlaritzaren lege-proiektuari buruz?
Zer pentsatzen dute bitarteko langileek Eusko Jaurlaritzaren lege-proiektuari buruz?
Zer pentsatzen dute bitarteko langileek Eusko Jaurlaritzaren lege-proiektuari buruz?

3:50

Txaplata bat, ELAren arabera

ELA sindikatuak errefusatu egin du lege proiektua, "sektore publikoko behin behinekotasunaren gaitza konpontzen ez duen txaplata bat" delako.

Sindikatuak ohar batean jakinarazi duenez, "euskal sektore publikoko behin behineko 50.000 langileen egoera dramatikoari ez dio irtenbidea ematen".

Xedapen gehigarrien harira, ELAk adierazi du Euskal Enplegu Publikoaren legearen eztabaidan Mahai orokorrean sindikatu guztiek errefusatutako berberak direla.

ELAren arabera, bitarteko langileen txandei buruzko xedapenak ez du "egonkortzea bermatzen, oposizio faseak kaleratze izaera duelako eta esperientzia ez delako erabakigarria lanpostua eskuratzeko".

Gainera, behin behineko langile askok ezingo dute parte hartu txanda horretan, "gutxieneko antzinatasuna 8 urtekoa delako, eta horientzat eskainitako plazak % 60 izango direlako gehienez, egonkortu beharrekoak baino askoz gutxiago".

ELAren arabera, Madrilgo tasak deuseztatzea da irtenbidea, egonkortze prozesuak nabarmen zailtzen dituelako, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Enplegu Eskaintzak 2024