Ekonomia -
Hauteskundeen ondoren
Legebiltzarreko batzorde batek aztertuko ditu bikoiztutako zerbitzuak
EAJ eta UPyD abstenitu egin dira, baina gainerako alderdi guztiek babesa eman ditoe PSE-EEren ekimenari.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak erakundeetan bikoiztutako zerbitzuak eta eraginkortasun falta aztertuko dituen batzorde bat osatzea adostu du.
Alderdi guztiek eman diote babesa PSE-EEren ekimenari EAJk eta UPyDk izan ezik, abstenitu egin baitira.
Onartu duten testuan azaltzen denez, azaroaren 20ko hauteskundeen ondoren osatuko da bikoiztutako zerbitzuak aztertzeko batzordea eta datozen urteetarako "nahi dugun herrialde eredua" ere eztabaidatuko da bertan.
Batzordean Legebiltzarretik kanpo dauden erakundeek ere parte hartuko dute eta gaian adituak direnek ere izango dute tokia "erakundeen arkitekturak dituen eraginkortasun faltak atzemateko eta irtenbideak ezartzeko".
Eusko Jaurlaritzak egin zuen ikerketa baten arabera, Jaurlaritzak, aldundiak eta udalek bikoizten dituzten zerbitzuen ondorioz 400 milioi euro baino gehiago xahutzen dira alperrik.
Txosten horrek dio aldundiak direla atzemandako bikoiztutako zerbitzuen erdien ardura dutenak, Jaurlaritzak % 30ena eta gainerakoa aztertutako bederatzi udalerriena: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Barakaldo, Getxo, Portugalete, Laudio, Errenteria eta Irun.
Ricardo Gatzagaetxebarriak (EAJ) kritikatu du "sakoneko kontzeptuak" nahasten ari direla, erakundeen arteko lankidetza bikoiztutako zerbitzu gisa agertzen delako.
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak, bere aldetik, Lurralde Historikoen Legea aldatzea proposatu du, Euskadin aldundiak bezalako "administrazioak soberan" daudelako.