Ekonomia -
KORONABIRUSA
EAEko BPGa % 15,5 igo da hirugarren hiruhilekoan, eta jaitsiera moteldu du
Urtetik urterako datuei erreparatuta, 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, BPGa % 7,5 jaitsi da, eta enplegua, % 6,2.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina (BPG) % 15,5 hazi da hirugarren hiruhilekoan, 2020ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta. Hala ere, % 7,5eko beherakada izan da aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, Eustatek ostiral honetan argitaratu dituen datuen arabera.
Kalkulu horiek apur bat hobetu dituzte urriaren 23an hiruhileko kontuen aurrerapenean hirugarren hiruhilekorako egindako estimazioak.
Hain zuzen ere, BPGaren hiruhileko arteko igoera aurreikusitakoa baino hiru hamarren handiagoa izan da, eta urte batetik bestera beherakada moteldu egin da bi hamarren, gutxi gorabehera. Enpleguaren kasuan, aldakuntza-tasen hobekuntza hiru hamarrenekoa da, bai hiruhileko batetik bestera, bai urte batetik bestera.
BPGaren urte arteko uzkurtzea txikiagoa da Euskadin Espainiako ekonomian baino, izan ere, hirugarren hiruhilekoan % 8,7ko beherakada izan du. Beherakada apalagoak izan dira Eurogunean (–% 4,4), Europar Batasunean (–% 4,3) eta AEBn (–% 2,9).
Ekonomiaren hobekuntza enplegura ere iritsi da, urte arteko atzerapena % 6,2koa izan baita, Eustaten aurreko aurreikuspenekin alderatuta, hiru hamarren gutxiago. Hobekuntza hori bera gertatu da hiruhilekoen datuak alderatuta, enpleguaren beherakada % 13,6koa izan baita.
Eskaintzaren ikuspuntutik, urtetik urterako balio erantsiaren atzerakada orokorra izan da, Administrazio Publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean izan ezik. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, aldiz, balio erantsiaren gorakada handia izan da adar gehienetan, lehen sektorean izan ezik, azken horretan jarduerak behera egiten jarraitu baitu.
Lehen sektorean, balio erantsiaren uzkurdura % 7,2koa izan da, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta % 4,4koa, 2020ko bigarren hiruhilekoaren aldean.
Industriaren sektoreak atzerakada izan du urte arteko terminoetan, % 9,5ekoa, manufaktura-industriaren (% 9,4) kasu berezian baino hamarren bat handiagoa. Beherakada horiek bigarren hiruhilekoan ikusitakoak baino txikiagoak dira; hurrenez hurren, % 26,7koa eta % 27,8koa izan ziren orduan. 2020ko hirugarren hiruhileko honetan, balio erantsiaren berraktibazioa urteko bigarren hiruhilekoaren aldean industria osorako % 23,3koa izan dela kalkulatzen da, eta % 25,4koa, manufaktura-industriaren kasuan.
Eraikuntzaren sektoreak ere atzerakada txikiagoa izan du aurreko hiruhilekoan baino; balio erantsia hirugarren hiruhilekoan % 9,3 jaitsi da urte arteko terminoetan, eta, hala, % 11,8 igo da urteko bigarren hiruhilekoaren aldean.
Zerbitzuen sektorearen jarduera globala 2020ko hirugarren hiruhilekoan 2019ko hirugarren hilekoan baino % 5,9 baxuagoa izan da, baina bigarren hiruhilekoan baino % 12,4 altuagoa. Aldakuntza horiek, beraz, arindu egiten dute, zati batean, urte arteko terminoetan % 17ko urte arteko beherakada, eta % 15,1ekoa hiruhilekoen arteko terminoetan aurreko hiruhilekoan sektorean ikusitakoak.
Zerbitzuen portaera ez da homogeneoa izan adarren arabera. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarrak balio erantsian % 10,2ko beherakada izan du aurreko urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean; alegia, % 15,6 hazi da aurreko hiruhilekoaren aldean. Gainerako zerbitzuen adarrean (besteak beste, lanbide- eta finantza-jarduerak eta aseguruak sartzen dira bertan) beherakada ez da hain nabarmena izan; urte arteko aldakuntza-tasa % 8,1 jaitsi da, eta hiruhilekoen arteko tasa % 22,1 hazi.
Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean, berriz, aurreko hiruhilekoetan izan den balioaren antzekoari eusten zaio, eta % 1,1 hazi dela kalkulatzen da, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhilekoen artekoetan.
Sektoreko ia agregatu guztien urte arteko portaera negatiboa dela eta, balio erantsi gordinak EAEn % 7,4 egin du atzera, aurreko urteko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 15,8 egin du gora, 2020ko bigarren hiruhilekoaren aldean.
Eskariaren aldetik, portaera antzekoa izan da; urte arteko atzerakadak aurreko hiruhilekoan baino arinagoak izan dira eta hiruhilekoen arteko gorakadak esanguratsuak izan dira, Administrazio publikoen azken kontsumoko gastuaren kasuan izan ezik.
Etxeetako kontsumoaren gastuak (Kontsumo pribatua) % 8,5 egin du behera 2019ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, baina % 15,4 egin du gora aurreko hiruhilekoaren aldean.
Kontsumo publikoa (Administrazio publikoen azken kontsumoko gastua) da iazko hiruhileko berean izandako balioa baino handiagoa izan duen agregatu bakarra (urte arteko % 3,6ko aldakuntza), eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta igoera moderatuagoa izan da (% 0,7koa).