Ekonomia -

'Euskadi Next'

Eusko Jaurlaritzak ez du aurrekontuetan Europako funtsen partidarik sartuko

Hilaren 29an onartuko du 'Euskadi Next' programaren lehen bertsioa, "herrialdea eraldatzeko apustuak" eta "azelerazioa" ardatz hartuta.

Pedro Azpiazu. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Pedro Azpiazu
Pedro Azpiazu. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak datorren abenduaren 29an, Gobernu Kontseiluan, 'Euskadi Next 2021-2026' programaren lehen bertsio bat onartuko du. Estatura bidaliko du bere programaren barruan sar dezan eta EBra bidali dezan, eta 2021eko aurrekontuetan ez ditu MRR eta REACT funts europarren partidak sartuko, gaur egun dagoen "zehaztasun falta" dela eta, nahiz eta xedapenak gaituko diren horiek sartu ahal izateko.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak agerraldia izan du Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzaren jardunaren berri emateko, Euskadiko Berreskuratze eta Erresilientzia Programari dagokionez. Programa horri 'Euskadi Next' esaten zaio, eta horren "erronka nagusia MRR mekanismoaren baliabide kopuru handiena bereganatu ahal izatea da", EBk pandemiak sortutako krisiaren aurrean abian jarritakoa.

Azpiazuk azaldu duenez, eskura duen informazioaren arabera, Espainiak urtarrilean bidali nahi du Europako baliabide horiek eskuratzeko planaren lehen bertsioa, autonomia erkidegoena barne hartu behar duena, beraz, Euskadik ere "hilabete honetan bidali behar du bere lehen bertsioa".

Horrela, abenduaren 29an Gobernu Kontseiluak 'Euskadi Next 2021-2026' programaren lehen bertsioa onartuko duela iragarri du, eta Estatura bidaliko du, bere programan sar dezan. Gogorarazi duenez, "Espainiak bere plana bidaltzen duenean (hau da euskal proposamenetarako lehen iragazkia), Europak erabakiko du proiektuek" berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismorako baldintzak betetzen dituzten, eta luparekin begiratuko ditu".

Azpiazuk ez du argitu zeintzuk izango diren Europako diru-laguntzak jaso ditzaketen proiektuak. Hala ere, azpimarratu du abenduaren 29an onartuko den programak ez duela zerikusirik izango Jaurlaritzak abuztuan Pedro Sanchezi bidali zion dokumentuarekin edukiari dagokionez.

Edonola ere, "herri estrategiari lotutako egitasmoak izango dira, Batzordeak ezarritako irizpideak beteko dituzte eta bideragarriak izan beharko dira ikuspuntu teknikotik. Halaber, 2026ko abendua baino lehen gauzatuta egon beharko dira", azaldu du.  

Arau guztiak betetzen direla egiaztatuko dela ziurtatu du, batez ere laguntza publikoei eta lehiakortasunari lotutakoak. Ildo horretan, ezinbestekoa izango da inbertsio publiko horrek inbertsio pribatuak ekarriko dituen argitu beharko dute.

Hortaz, Azpiazuk esan du 2021eko Euskal Aurrekontuak ez duela Bruselatik etorritako diru-sailik bilduko, baina lege bat gehituko dute, aurrerago diru-laguntza horiek sartu ahal izateko.   

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak