Itxi

2020/12/10

12:12

Ekonomia

NEKAZARITZA

Gipuzkoak 'Etxekoak' kanpaina abiatu du tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kanpainaren helburua baserritarrak eta euren produktuak "gertukoak eta konfiantzazkoak" direla erakustea da, eta, horrela, herritarrak Gabonetan tokiko produktuen alde egitera animatzea.

  • 'Etxekoak' kanpainaren aurkezpena.

    'Etxekoak' kanpainaren aurkezpena. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak ‘Etxekoak’ kanpaina aurkeztu du Gabonetan bertako produktuen kontsumoa sustatzeko. Kanpaina bihar, ostirala, hasi eta abenduaren 26an amaituko da.

Kanpaina honek 100.000 euroko aurrekontua du, eta lurralde horretako prentsa idatzi, irrati eta tokiko telebistetan izango du oihartzuna. Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin koordinaturik jarri du martxan ekimena, bi erakundeak tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko elkarlanean ari baitira.

‘Etxekoak’ kanpainaren leloaren bitartez, baserritarrak berak eta beraien produktuak "etxekoak, gertukoak eta konfiantzazkoak” direla azpimarratu nahi da. Horrela, bertako produktuen aldeko apustua egiteko eskatu nahi diete herritarrei.

Kanpainaren protagonistak azpisektore ezberdinetan ibilbide luzea duten eskualde ezberdinetako gipuzkoarrak dira: Adur Gorostidi Abaltzisketako abeltzaina, Vanesa Barriuso Urnietan arrautzatarako oiloak dituen baserritarra, Maite Otaño Urnietako nekazaria eta Inaxio Ameztoi Getariako txakolingilea, hain zuzen.

Kanpainaren aurkezpenean, Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak azpimarratu duenez, covid-19ak erakutsi du zeinen garrantzitsua den "lehen sektore indartsua, lehiakorra eta gipuzkoarrak osasun eta kalitate berme guztiekin hornitzeko gai dena" izatea, eta "orain inoiz baino gehiago" tokiko produktuak kontsumitzeko deia egin die herritarrei.

Lehen sektorerako laguntzak

Pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko, Aldundiak lehen sektoreari laguntzeko plan bat jarri zuen abian, departamentuko partida ekonomikoak eta programak berregokituz, lehiakortasunera bideratutako funtsezko deialdiak indartuz eta pandemiaren eragindako beharrei erantzunez. 15,5 milioiko inbertsioko plan horrek bi helburu nagusi zituen: jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustea eta azpisektore kaltetuenei laguntzea.

Bigarren helburua lortzeko, 1,2 milioiko erreskate plana jarri zuen martxan, eta horrela dirulaguntza zuzenak eman zizkien murrizketen eragin handiena jasaten ari ziren azpisektoreei.

Gainera, txakolinaren sektoreari laguntzeko asmoz, Aldundiak mahats-bilketarako laguntza bereziak bideratu ditu, Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapenean izena emanda dauden mahastizainek bilketa-kanpainarako laguntzak jaso ditzaten sasoikako langileak kontratatzean osasun-baldintzak betetzen dituztela bermatze aldera.

Arrutik azpimarratu duenez, "bertakoa kontsumituz gure lehen sektorean egiten den lana eta ekoizpen jasangarria bultzatzeko klabea dugu herritarrok" eta "Gipuzkoa orekatu eta jasangarri baten alde egiten ari gara".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;