Ekonomia -
2012rako aurrekontuak
Jaurlaritzaren ustez, langabeziak ez du onera egingo 2012 erdira arte
Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan, 2012an ekonomia % 1,4 haziko da, eta kanpoko eskariak lagundu egingo dio Barne Produktu Gordinari hazten.
Erredakzioa
Jaurlaritzak ez du aurreikusten langabezia EAEn 2012an jaitsiko denik Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Carlos Aguirrek, esan duenez, baina joerak "buelta" ematea espero du urteko bigarren hiruhilekoan.
Zentzu honetan, langabezia tasa % 10,8an egongo dela aurreikusi dute 2012an, 2011an baino % 0,3 gutxiago.
Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuen Batzordean egon da Aguirre 2012rako EAEren aurrekontuen proiektua aurkezteko.
Sailburuaren esanetan, aurrekontuek enpleguak sortzea dute helburu, eta zerbitzu publikoak bermatzea, zerga sistema finkatzea eta egonkortasun ekonomikoa lortzea. Euskal ekonomia atzeralditik atera dela esan du, baina ‘hazkunde tasa txikia denez, oraindik ezin du enplegua sortu’, gaineratu du.
Datorren urterako % 1,4ko hazkundea espero dutela esan du sailburuak, eta Barne Produktu Gordinari (BPG) hazten gehien lagundu diona kanpoko eskaria izango dela azpimarratu du. Hala ere, "tamalez" ez da espero langabezia tasak behera egitea, esan du Aguirrek, eta 2012 urteko bigarren hiruhilekoan egoerak "buelta" ematea espero dutela erantsi du.
Gainera, lege proiektuak EAEko Administrazio Orokorrerako, erakunde autonomikorako, ente publikorako edota partzuergoetarako zerbitzuan dauden funtzionario guztientzat soldatak izoztea aurreikusten du, baita datorren urterako igoera suposa dezakeen akordio, hitzarmen edota itun ororen etenaldia.
Aurrekontuen doitzea
Bestalde, aurrekontu murrizketa handiena nabarituko duten sailak honakoak izango dira: Ingurumen, Lurralde, Nekazaritza eta Arrantza Saila (% 10,9), Kultura Saila (% 8,2) eta Barne Saila (% 6,7). Jaitsiera txikiena "izaera soziala" dutenek jasango dute: Hezkuntza Saila (% 1,7), Enplegu eta Gizarte Gaiak (% 1,2) eta Justizia Saila (horren aurrekontua, jaitsi baino, % 12,7 igoko da, politika aktiboen eskumenean jasota dauden Administrazio Publikoko langileak hezteko funtsak transferitu baitira).
Oro har, sail guztietako aurrekontuak jaitsi dira Lehendakaritza eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailena izan ezik, berrikuntzarako eta AHTrako diru gehiago egongo baita.
Ekonomia eta Ogasun Sailak 50,8 milioi euroko aurrekontua du, 2011an baino % 4,4 gutxiago.
"Luxurik gabeko aurrekontuak" direla azpimarratu du, ekonomia eta enplegua "suspertzeko", eta berrikuntza eta formazioa nabarmentzen direla gaineratu du, Euskadin gizarte "jasangarri, solidario eta lehiakorrago" bat egiten jarraitzeko.