Ekonomia -

Industria

Mercedes Gasteizek ekoizpena eten du urtarrilaren 4ra arte

Zuzendaritzak "lan eredu berri bat inposatzeko" hartu duen "aldebakarreko erabakiak" Mercedesen lan egiten duten langileen % 10-15 kalean utz ditzake, langileen ordezkarien arabera.

Mercedes-Benz enpresako langileen elkarretaratzea Gasteizen. Argazkia: EFE.
Elkarretaratzea Gasteizen
Mercedes-Benz enpresako langileen elkarretaratzea Gasteizen. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Mercedes-Benz lantegiak ekoizpena eten du ostegun honetan, eta horrela jarraituko du urtarrilaren 4ra arte, "urteko lehen lanegunera arte", 2021eko lehen hiruhilekoko larunbatetan lan egiteko aurreikuspenarekin, sindikatuetako ordezkariek ohar batean salatu dutenez.

Horrela, enpresak behin-behineko 500 langileri baino gehiagori kontratua ez berritzeko erabakiari tinko eusten dio, ekoizpenak behera egin duela argudiatuta.

Hirugarren txandako ekoizpena ere murriztu nahi du. Hala, datorren urteko apirilera arte, lan txanda murriztua izango dute Gasteizko Mercedes lantegian.

Enpresa batzordeek kaleratzeak salatu dituzte

Fabrikako enpresa batzordeetako ordezkariek, hornitzaileek eta azpikontratek salatu dutenez, zuzendaritzak "lan eredu berri bat inposatzeko" hartutako "aldebakarreko erabakiak" Mercedesen lan egiten duten edo Mercedesentzat lan egiten duten langileen % 10-15 "kalean" utz ditzake.

Langileek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Andre Maria Zuriaren plazan. Langileen ustez, erabaki hori "harrigarria eta kontraesankorra" da, izan ere, 2021eko lehen hiru hilabeteetan enpresak "ekoizpen ahalmena % 50 murriztea" eta "ekoizpen egunak ahalik eta gehien handitzea" erabaki du.

Sindikatuen ustez, 2,5 txandako lan eredu berri horren "inposizioak" "onurak areagotzea" du helburu.

Egoera horren aurrean, "enplegua suntsitzen ez duten aukerak daudela" defendatu dute, besteak beste, produkzioaren hasiera bost egunez atzeratzea, urtarrilaren 12ra, eta, beraz, "urteko lehen hiruhilekoan inor kaleratzea beharrezkoa ez dela" uste dute.

Era berean, salatu dutenez, zuzendaritzek "bidegabeko kaleratzea erabili dute, diziplinazko espediente faltsuen bidez, pertsona batzuk modu askean kaleratzeko eta langile guztiak beldurtzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Koronabirusa Automobilgintza