Ekonomia -
Lan gatazka
ELAk "zaintza sistema publiko, duin, unibertsal eta doakoa" eskatu du Nafarroan
Aipatu sindikatuak iragarri du sektore horrek urtarrilaren 26rako deitutako grebarekin bat egingo duela.
L.Z. | EiTB MEDIA
ELA sindikatuko ordezkariek exijitu dute Nafarroan "zaintza sistema publiko, duin, unibertsal eta doakoa" ezartzea. Horrekin lotuta, iragarri dute sektore horrek urtarrilaren 26rako deitutako grebarekin bat egingo dutela.
Astearte honetan egindako agerraldian eman dute horren berri. "Borrokan jarraituko dugu gure helburua lortzeko", ziurtatu dute. Halaber, azpimarratu dute nahitaezkoa dela zaintza sistema "desmerkantilizatzea" eta lan baldintzak hobetzea "gertutasuna, kalitatezko harremanak eta autonomiarekiko errespetua nagusi duen arreta duina" bermatu ahal izateko.
Sindikatu horretako ordezkariek aurreratu dutenez, sektore ezberdinetako langileak daude deituta grebara: egoera berezietan daudenekin, pertsona zaurgarriekin, adinekoekin, adingabeekin, dibertsitate funtzionala dutenekin eta baztertuta daudenekin lan egiten duten behargin guztiak, hain zuzen ere.
Azaroaren 17an ere greba egin zuten, eta orduko aldarrikapenei eutsiko diete oraingo honetan ere, "kasu gehienetan, zaintza enpresa pribatuen esku dagoelako" eta "etekin ekonomikoa lehenesten dutelako, pertsonen zainketari lehentasuna eman beharrean".
Gaur bertan salatu dutenez, Nafarroan 71 zahar-egoitza daude, eta 4.000 beharginek egiten dute lan horietan. Zentro horietatik bi baino ez dira publikoak. Gainera, beste bost egoitza irekitzeko proiektua dute, eta horiek guztiak ere pribatuak izango dira, "batzuk, gainera, paradisu fiskalekin eta putre funtsekin finantzatutakoak".