Ekonomia -

ELEKTRIZITATEAREN IGOERA

Elektrizitatearen prezioak gora egin du hotz-boladaren erdian, 95 euro inguru

2021eko lehen zazpi egunetan argiaren prezioak % 27 egin du gora: 18,61 zentimo kilowatt orduko (kWh), araututako tarifarekin (PVPC).

"Elektrizitatearen handizkako prezioak gora egin du". Argazkia: pixabay.com
"Elektrizitatearen handizkako prezioak gora egin du"
"Elektrizitatearen handizkako prezioak gora egin du". Argazkia: pixabay.com

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elektrizitatearen handizkako prezioak gora egin du gaur, urtarrilak 8, Filomena ekaitzak eragindako hotz-boladaren erdian, eguneko erreferentziaren errekor historikoa ezarriz: 94,44 euro orduko megawatt bakoitzeko (MWh) , merkatu iberiarreko operadorearen (Omie) datuen arabera.

Ordurik garestiena 20:00ak izango dira. Une horretan, ordukako tarifikazioa duten kontsumitzaileek 114,89 euro ordainduko dute megawatt bakoitzeko; preziorik merkeena, berriz,  05:00etan, 60 euro.

Sektoreko iturriek adierazi dutenez, elektrizitatearen prezioen igoerarako hainbat faktore pilatu dira; hala nola, hotz-boladak eragindako eskariaren igoera, karbono dioxidoaren prezioen igoera eta gas naturalaren kotizazioa.

Eguneko erreferentziaren aurreko errekorra 2013ko abenduaren 8an izan zen, 93,11 eurorekin MWh-ko. Ondorioz, Gobernuak aurreko enkante elektrikoaren sistema (Cesur) bertan behera utzi eta egungoarekin ordezkatu zuen, eguneroko kontsumoaren eta handizkako merkatuko energiaren kotizazioaren arabera.

Merkatuak aurreko maximo historiko hori lortu zuenetik eta etxeko tarifa finkatzeko hiruhileko enkantean igoera handia eragin zuenetik, —Gobernuak esku hartu behar izan zuenean, mekanismo hura bertan behera utzi, behin-behineko prezio bat ezarri eta egungo Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa (PVPC) sortuta— ez ziren  90 euro MWh-ko preziotik gorako mailak erregistratzen 'pool'-ean.

Argindarraren handizkako prezioa % 35 ingurukoa da azken ordainagiriaren gainean, % 40 ingurukoa bidesariei dagokie, eta gainerako % 25a, BEZari eta elektrizitate zergari. Espainiako Gobernuak bidesariak eta kargu elektrikoak izoztu ditu 2021erako.

% 27 garestiago urtearen hasieran

Urtearen hasieran izandako goranzko joera horren ondorioz, argiaren prezioak % 27 egin du gora: 18,61 zentimo kilowatt orduko (kWh), araututako tarifarekin (PVPC), eta 13,24 zentimo 2020ko epe berean.

Urteko lehen 7 egunetako datuekin, batez besteko erabiltzailearen faktura elektrikoa 80,71 eurokoa izango litzateke, hau da, % 19,3ko igoera iazko data bereko 67,67 euroen aldean (hilean 366 kWh-ko batez besteko kontsumitzaileari eta 4,4 kW-ko potentzia kontratatuari buruzko analisia).

Gas naturalaren kasuan, prezioa 38,9 eurokoa izan zen atzo, osteguna, MWh bakoitzeko, aurreko egunean baino % 22,4 gehiago, Mibgasen datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Elektrizitatea