Ekonomia -
NAFARROA
Kybse enpresak 103 langile kaleratzeko lan-erregulazioko espedientea aurkeztu du
Koronabirusaren eraginez salmentak jaitsi egin direla eta arrazoi ekonomiko eta produktiboak argudiatu ditu zuzendaritzak.
O.A. | EITB MEDIA
Nafarroan, Ororbiako Kybse enpresak 103 langile kaleratzeko lan-erregulazioko espedientea aurkeztu du, sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez. Guztira, 900 langile baino gehiago ditu enpresak.
Zuzendaritzak proposatutako 103 kaleratzeetatik 55 zuzeneko eskulanari dagozkio (lantegia) eta 48, ostera, zeharkako eskulanari (kalitatezko langilea, ingeniaritza, mantentze lanak,...).
Kayaba Japoniako talde multinazionalaren lantegiak automoziorako motelgailuak egiten ditu eta atzerriko merkatuekiko menpekotasun handia du. Izan ere, Frantzian eta Erresuma Batuan ditu bezero nagusienak.
Enpresak arrazoi ekonomikoak eta produktiboak argudiatu ditu. Zuzendaritzaren esanetan, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, salmentak % 60 jaitsi dira.
Lan-erregulazioko espedientea 2023ko martxora arte luzatzea proposatu du enpresak, zuzeneko eskulanari dagozkion kaleratzeak modu mailakatuan egiteko.
Espedientearen baldintzak negoziatzeko bilerak datorren astelehenean abiatuko dituzte zuzendaritzak eta langile batzordeak.