Ekonomia -

LAN ISTRIPUA

Langile bat hil da Basurtun goi tentsioko instalazio batetik erorita

Biktimak 35 urte zituen eta Iberdrolarentzat ari zen lanean, azpikontratatuta. Sindikatuek istripua argitzeko eskatu eta elkarretaratzea deitu dute.

Goi tentsioko instalazio bat. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Goi tentsioko instalazio bat
Goi tentsioko instalazio bat. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

35 urteko langile bat hil da gaur goizean Bilboko Basurtu auzoan goi tentsioko instalazio batetik erorita, Ertzaintzak eta sindikatuek jakinarazi dutenez.

Ertzaintzak 10:00etan izan du ezbeharraren berri. Lan-istripua Beyena konpainiaren fabrika zaharraren inguruan gertatu da, Basurtu eta Kastrexana artean.

CCOOk sindikatuak azaldu duenez, biktima Sistem Melesur enpresako langilea zen eta Iberdrolarentzat ari zen lanean azpikontratatuta.

Goi tentsioko instalazioan mantentze lanak egin behar zituen, baina argitu gabe dauden arrazoiak tarteko, lau metroko altueratik erori da eta, kolpearen ondorioz, hil egin da.

UGT sindikatuak zehaztu du Sistem Melesur enpresa Malagakoa dela eta beharginak hiru egun zeramatzala Bizkaian aipatutako instalazioan mantentze lanak egiten.

Sindikatuek ikerketa zorrotza eskatu dute

Lan-istripuaren berri izan ostean, sindikatuek babesa helarazi diete beharginaren senide eta lankideei, eta asteazken honetarako elkarretaratzea deitu dute Iberdrola Dorrearen parean, heriotza salatzeko.

CCOOk azpimarratu du 2021ean hil den lehen langilea dela, urtea hasi zenetik 12 egun bakarrik igaro badira ere.

LAB sindikatuak gogoratu du iaz 72 behargin zendu zirela istripuz eta gaur izandako ezbeharra zorrotz argitzeko eskatu du, "arduradunak seinalatuz eta ardura guztiak argituz".

Horrez gain, biktima azpikontratatutako enpresa bateko langilea zela nabarmendu du, lan-istripuak prekarietatearen ondorio direla salatuz.

Ildo beretik, UGT sindikatuak lan-istripua ikertzeko eta segurtasun-neurri guztiak bete diren argitu dezala eskatu dio Lan Ikuskaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bilboko azken albisteak Lana Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa