Ekonomia -

Teknokrazia Europan

Monti, Draghi eta Papadimos: Goldman Sachsek agintean dituen bankariak

Hirurek lotura zuzena izan dute krisi ekonomikoaren eragile nagusietakoa den banku estatubatuarrarekin.

Ezkerretik eskuinera: Mario Monti, Mario Draghi eta Lukas Papadimos
Ezkerretik eskuinera: Mario Monti, Mario Draghi eta Lukas Papadimos
Ezkerretik eskuinera: Mario Monti, Mario Draghi eta Lukas Papadimos

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zertan dira berdin Lukas Papadimos Greziako lehen ministroa, Mario Monti Italiako lehen ministroa eta Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea? Hirurak izendatu berri dituzteka, Europa krisi ekonomikoaren hondakinetatik ateratzeko, baina, batez ere, hirurek lotura zuzena dutela Goldman Sachs banku estatubatuarrarekin, hots, mundu osoko gobernuetan eta merkatuetan eragin handia duen eta hipoteka zaborren krisiaren sorkuntzan zeresan handia izan zuen bankuarekin.

Papadimos eta Monti beste puntu batean datoz bat: biak hauteskundeen beharrik gabe izendatu dituzte lehen ministro. Europan, demokrazia ere dago krisian.

Hain zuzen ere, Mario Draghi Goldman Sachsek Europan izan zuen presidenteordea izan zen 2002 eta 2005 urteen artean.

Mario Monti Goldman Sachsen nazioarteko aholkularietako bat da 2005etik (Bilderberg klubeko zuzendaritza batzordeko kide ere bada).

Lukas Papadimos, ekonomia greziarra "salbatzeko" izendatutako teknokrata, Greziako Banku Zentraleko gobernadorea izan zen 1994tik 2002ra. Garai horretan, Goldman Sachsek kontu publikoak faltsutzen lagundu zio Greziako Gobernuari, defizita ezkutatu eta eurogunean sartu ahal izateko.

Banku estatubatuarrak aholkulari sare handia sortu du Europan, eta boterearen korridoreetan eragin handia dute.

Marc Roche Le Monde egunkariko kazetari eta "Bankua: Goldman Sachsek nola gidatzen duen mundua" liburuaren egileak azaldu du sare hori eragin handikoa eta oso "itxia" dela.

Draghi, Monti eta Papadimos ez ezik, beste hainbat izen ere gaineratu daitezke sare horretara. Rocheren esanetan, Peter Sutherland Goldman Sachsen Europako filialeko presidentea da "gakoa". Adibidez, zeregin garrantzitsua izan zuen Irlandaren erreskatean.

Baina Goldman Sachsek Europan duen eragina ez da han bukatzen: Frantzian Charles de Croisset dauka, Erresuma Batuan Brian Griffiths eta Alemanian Otmar Issing.

Goldmand Sachs 'sarraski' ekonomikoaren adibide nagusietako bat bada ere, haren tentakuluak Europako politikagintzaren bihotzera heldu dira jada.

Nolanahi ere, Marc Roche kazetariak uste du gehiegizkoa dela konspirazioaz hitz egitea: "Goldman Sachsen sareek ezin dute edozer egin, eta haren eraginkortasuna txikiagoa da gaur egun, Mario Monti eta Draghi uneoro ikuskatu egingo baitituzte hedabideek, parlamentarioek eta GKEk".

Azkenean, badirudi BBCko 'broker ero' hura ez zegoela guztiz oker.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea