Ekonomia -
Greziako krisia
Parlamentuaren konfiantza lortu du Greziako Gobernu berriak
Lukas Papadimos ekonomialariaren batasun nazionaleko Exekutiboak aise lortu du Ganberako gehiengoaren babesa.
Erredakzioa
Lukas Papadimos ekonomialariaren batasun nazionaleko Gobernuak aise lortu du gaur Parlamentuko gehiengoaren babesa.
Iragan ostiralean, Pasok alderdi sozialistak, Demokrazia Berriko kontserbadoreek eta Laos eskuin muturreko alderdiak trantsizio Exekutiboa osatu zuten. Grezia porrotetik salbatzeko bigarren finantza-erreskateko akordioak aplikatu eta berretsi behar ditu Gobernu berriak.
255 diputatuk babesa eman diote Exekutiboari. Greziako Parlamentuak 300 eserleku ditu. 38 diputatuk kontra bozkatu dute. Guztira, 293 ordezkarik parte hartu dute bozketan, Filipos Pechalnikos Parlamentuko presidenteak jakitera eman duenez.
Pasok alderdiko bi diputatuk eta Demokrazia Berriko beste batek konfiantza ukatu diote Gobernuari, baina beste alderdi batzuetako bost ordezkarik Exekutiboa babestu dute.
Papadimosen hitzak
Konfiantzazko bozketa egin baino lehen, Exekutiboak duen "zeregin ikaragarriari" babesa emateko eskatu die diputatuei Lukas Papadimos lehen ministro berriak, ekonomia zuzentzeko eta Grezia eurotik kanporatua izateko arriskutik aldentzeko.
Euroguneak 130.000 milioi euroko bigarren erreskate bat adostu zuen. Gobernu berriak laguntza hori berretsi beharko du, eta baita abenduaren 15a baino lehen aurreneko paketearen 8.000 milioi euroko diru-laguntzaren ordainketa askatzea ere.