Ekonomia -

AURREKONTUAK 2021

Azpiazu Elkarrekin Podemosekin bilduko da, aurrekontuak adosteko azken ahaleginean

Hirugarren aldiz elkartuko dira, kontuak negoziatzeko errondan. 09:30ean dute gaurko hitzordua, bideokonferentziaz. Koalizio moreak konpromiso politikoak nahi ditu.

Azpiazu eta Elkarrekin Podemosen arteko batzar telematikoa, ostegunean. Argazkia: EITB Media.
Azpiazu eta Elkarrekin Podemosen arteko batzar telematikoa.
Azpiazu eta Elkarrekin Podemosen arteko batzar telematikoa, ostegunean. Argazkia: EITB Media.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordu erabakigarrietan sartu da EAEko 2021eko aurrekontuen negoziazioa. Gaur goizean, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua Elkarrekin Podemoseko ordezkariekin elkartuko da, Miren Gorrotxategi buru dela,  hirugarren aldiz, kontuak adosteko azken ahaleginean.

09:30ean abiatuko da gaurko batzarra, bideokonferentziaz. Koalizio moreak konpromiso politikoak nahi ditu, eta mahai gainean jarri dituen proposamenen artean, erreforma fiskala edo zorpetze maila handiagoa izatea daude.

Iaz, akordioa ixtea lortu zuten Elkarrekin Podemosek eta Gasteizko Gobernuak, eta aurtengoak ere, adostekotan, Gorrotxategiren taldearekin adostuko ditu, gainerako taldeekin - EH Bildukin, PP+Cs-ekin eta Voxekin -, dagoeneko, akordioa ixtea ez dela posible jakinarazi baitute aldeek. 

Jaurlaritzak gehiengo osoa du jeltzaleekin eta sozialistekin, baina babes hori zabal dezake Elkarrekin Podemosekin; Gasteizko Udalean atzo lortu zuten akordioa aurrekaria izan daiteke. Ildo horretan, Radio Euskadin atzo egindako elkarrizketan, Gorrotxategik "jarrera hori bera eskatu dio Jaurlaritzari": "Gasteizen akordio politikoa posible izan da, Jaurlaritzan zergatik ez?", galdetu zuen. Alde horretatik, "azken unera arte" negoziatzen jarraituko dutela iragarri zuen.

Elkarrekin Podemosek negoziazioaren hasieran nabarmendu zuenez, "marra gorririk gabe" eseriko dira mahaian. "Oso argi daukagu aurrekontu ekitaldi hau oso berezia dela, osasun, gizarte eta ekonomia krisi oso larrian gaudelako". Hala ere, adierazi zuenez, "hauek ez dira Euskadik behar dituen aurrekontuak", baina euren helburua "elkar ulertzea eta gure proposamenak zirriborroan sartzea" da. Ildo horretan, azken helburua "eredu ekonomiko eta soziala eraldatzea dela" azaldu izan du koalizio moreak.

Aurrekontuak 2021

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021erako Aurrekontu Orokorren Proiektuak gastu erreala % 7,1 handitzea ekarriko du, 770 milioi euro gehiago, aurtengo kontuekin alderatuta, eta 12.442 milioi eurora helduz.

Astelehenera arteko epea dute taldeek zuzenketak aurkezteko, eta urtarrilaren 29an osoko zuzenketak eztabaidatuko dituzte Eusko Legebiltzarrean. Ondoren, otsailaren 3an batzordera eramango dira aurrekontuak, bertan eztabaidatzeko, eta, ondo bidean, otsailaren 11n egingo da Eusko Legebiltzarrean kontuen behin betiko eztabaida.

Akordioa, Gasteizko Udalean

Atzo iragarri zutenez, Gasteizko Udaleko aurrekontuak ahalbidetuko ditu Elkarrekin Gasteiz taldea, bozketan abstenituta. Akordioa itxi dute moreek PNV eta PSE alderdiekin,  34 partidatan.

Besteak beste, Shesa enpresa publikoak Subijanan gasa ustiatzeko eskatutako baimena atzera bota du Udalak, akordio  honekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Aurrekontuak