Ekonomia -

Zorraren krisia

Espainia erreskate gunetik gertu, arrisku saria 500 puntura igo ostean

Salgado: "Espainiak ez du erreskaterik behar". Altxorrak zorraren jaulkipena 1997az geroztik izandako interes mailarik handienean egin du, % 7an alegia, eta arrisku sariak errekor berri bat ezarri du.

Madrilgo burtsa. Argazkia: EFE
Madrilgo burtsa. Argazkia: EFE
Madrilgo burtsa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiak 3.562 milioi euroko zor jaulkipena egin du hamar urterako bonuetan, baina interes tasak 1997az geroztik gainditu gabeko mailara igo behar izan ditu. Hau da, merkatuen presioa dela eta % 7,088ko interesean saldu behar izan du zorra.

Joan den urriaren 20an egindako enkantearekin alderatuz gero, gaur ezarritako interes marjinala % 30 handiagoa da. Egun hartan % 5,45eko interesean egin zuten jaulkipena.

Gaurko igoera indartsua Europan Alemaniakoa ez den zorra erosteko dagoen beldurrak eragin duela iritzi dio Javier Ferrer adituak. Hartutako maila etsigarriak Espainiako zorra erostezko interesik ez dagoela erakusten duela esan du.

Altxorraren enkantea amaitu bezain pronto, Espainiako arrisku sariak, herrialdearen 10 urterako bonuak Alemaniakoekin alderatuta kalkulatzen denak, 500 puntuko maila hartu du. Errekor berri bat ezarri du, beraz, % 6,762 ko errentagarritasunarekin.

Salgadok erreskatea baztertu du

Salgadok azaldu duenez, Estatuko aurrekontuetan 27.000 milioi euro aurreikusi zituzten zorrari aurre egiteko, eta horietatik 24.000 baino ez dira gastatu.

Dena den, "salneurri txikiagoak ordaindu nahiko genituzke, hori merezi baitugu", esan du.

Zapatero: "Europa da egonkortasunerako erantzuna"

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak "berehalako" irtenbidea eskatu dio Europar Batasunari eta Europako Banku Zentralari, nazioarteko krisi ekonomikoari aurre egiteko; izan ere, Zapateroren ustez, "Europa da egonkortasunera itzultzeko erantzuna".

Zapaterok azaldu duenez, finantza sistemaren arazoa ez da gobernuak aldatzearekin konponduko; "Europako Gobernu bakar batek denontzako erabakiak hartu" behar dituela gaineratu du.

"Europako Banku Zentrala behar dugu eta moneta bakarra eta moneta bakarreko herriak defendatu behar ditu", aldarrikatu du.

Halaber, Espainiak defizita murrizteko ahaleginak egiten eutsi egin diola eta eutsiko diola esan du, baina "kohesio sozialaren oinarriak mantenduz, eta herri gutxi gai izan dira hori egiten".

Bruselak merkatuaren "urduritasunari" egotzi dio igoera

Europako Batzordearen arabera, Espainiako Altxorrak zorraren enkantean ordaindu behar izan duen interes maila, % 7koa, merkatuan bizi den "urduritasunaren" eta "ziurgabetasunaren" ondorio izan da.

Amadeu Altafaj Ekonomia eta Moneta gaien Europako bozeramaileak adierazi duenez, egoera honek agerian uzten du joan den urriaren 26ko goi-bileran adostutako akordioak martxan jartzearen garrantzia.

Halaber, Europako Batzordearen iritziz, datorren azaroaren 20ko hauteskundeen ondoren Espainiak izango duen Gobernu berriak ekonomia politika sinesgarria izan behar du eta, beharrezkoa izanez gero, murrizketa neurri gehiago aurrera eramateko borondatea erakutsi behar ditu.

Gainerako herrialdeen arrisku sariak

Hala ere, Espainiakoa ez da etenik gabe gora egin duen arrisku sari bakarra, Europako Banku Zentralak jokatu behar duen paperaren inguruan  Alemaniaren eta Frantziaren artean sortu den ika-mikak gainerako herrialdeen arrisku sariak ere igoarazi ditu.

Italiako arrisku saria 523 puntutara igo da, bonuen errentagarritasuna % 7,02an dago.

Portugalgoa, 950ean kokatu da. Grezian, berriz, 2.630 puntutara jaitsi da, atzo 2.684ra heldu eta gero.

Frantziako arrisku saria ere goraka ari da, eta inoizko mailarik altuenean kokatu da, 200 puntutan, alegia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea