Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Novaltiako langileak manifestatu dira Bilbon, "benetako negoziazioa" eskatzeko

Langileek urte eta erdi baino gehiago daramate greban, eta hitzarmen duin baten "benetako negoziazioa" eskatzeko manifestatu dira. Gainera, enpresari laguntzea leporatu diote Lan Ikuskaritzari.

Novaltiaren langileen manifestazioa Bilbon. Argazkia: ELA
Novaltiaren langileen manifestazioa Bilbon.
Novaltiaren langileen manifestazioa Bilbon. Argazkia: ELA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Novaltiako langileek urte eta erdi baino gehiago daramate greban, eta, gaur, ELA sindikatuko ordezkariekin batera, manifestazioa egin dute Bilbon, enpresako zuzendaritzari hitzarmen "duin" baten "benetako negoziazioa" eskatzeko. Era berean, Lan Ikuskaritzak ez dituela greba eskubidearen aurkako urraketak zigortzen salatu dute, besteak beste, grebalariak ordezkatzeko aldi baterako laneko enpresen langileak kontratatzea.

ELAk gogorarazi duenez, 550 egun bete dituen greba mugagabea "hitzarmen propioa" eskatzeko antolatu zuten, "hitzarmena berreskuratzeko, eskala bikoitzak kentzeko, azpikontratazioa mugatzeko eta soldata igoera handiak izateko".

Sindikatuaren arabera, mobilizazioaren helburua da Zamudioko enpresan dagoen "prekarietatea ezabatzeko borrokatzea". Izan ere, enpresaren soldatarik baxuenak ez dira hilean 950 eurora iristen, eta 2017-2019 bitartean enpresak "4,5 milioi euroko irabaziak" lortu zituen.

Enpresaren laguntzailea

Lan Ikuskaritzaren jarrera ere salatu dute manifestazioan, "langileen grebarako eskubidea urratzea ez zigortzeagatik".

ELAren hitzetan, "2019ko ekainetik 2020ko urtarrilera arte, enpresak aldi baterako laneko enpresen langileak kontratatu ditu grebalariak ordezkatzeko" eta Lan Ikuskaritzak ez du ezer egin nahi izan "horren berri izan arren eta enpresak greba eskubidea urratu duela jakin arren". "Oso larria da Ikuskaritza Novaltiaren laguntzaile bihurtu izana gatazka honetan", kritikatu du.

Sindikatuak borrokan jarraitzeko deia egin die grebalariei, eta "Novaltiako farmaziek, batez ere Kontseilu Errektoreko kide diren bostek, gatazka ez konpontzeko duten erantzukizun zuzena" azpimarratu du. "Euren esku dute Novaltiako zuzendaritza langileentzako hitzarmen duin bat negoziatzera esertzea", gaineratu du.

Datorren astelehen eta astearterako, elkarretaratzeak deitu dituzte Gasteizen, Kontseilu Errektorean ordezkaria duten bi farmaziaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Araba ELA Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Lan gatazkak