Ekonomia -

2021eko aurrekontuak

EAEko aurrekontuen tramitazioak aurrera egin du, osoko zuzenketak baztertuta

Zuzenketa partzialak eztabaidatu beharko dituzte orain, eta otsailaren 11n emango dio Legebiltzarrak behin betiko onespena Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren agerraldia Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren agerraldia Legebiltzarrean
Oposizioaren osoko zuzenketak atzera bota eta aurrekontuak otsailaren 11n onartuko dira

1:11

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko aurrekontuen proiektuak aurrera egin du ostiral honetan, Eusko Legebiltzarrak baztertu egin dituelako oposizioko lau alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketak. EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute Legebiltzarrean, eta horri esker lortu dute Eusko Jaurlaritzaren proposamena aurrera ateratzea.

Hain zuzen ere, Legebiltzarra osatzen duten 75 eserlekuetatik 41 dituzte bi alderdien artean. Horrela, arazorik gabe bota dituzte atzera EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PP+Cs koalizioak eta Voxek aurkeztutako zuzenketak.

Behin pauso hori emanda, zuzenketa partzialak eztabaidatu beharko dituzte Legebiltzarrean, eta otsailaren 11n emango diote behin betiko onespena Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari.

Oposizioa kontra agertu da, berriro ere

Esan bezala, oposizioko alderdi guztiak Jaurlaritzaren proiektuaren aurka azaldu dira, "kontinuista" dela iritzita. Gainera, argi utzi dute kontu horiek ez diotela covid-19aren krisiari aurre egiten. EAJk eta PSE-EEk ez dute oposizioaren jokabidea begi onez ikusi.

EH Bilduko Nerea KortajarenaK, bestalde, kritikatu du aurrekontuek proiektu "arrunt" bat erakusten dutela, "bizi dugun egoera ezohikoa bada ere". "Onartu orduko eraman du aurrekontua olatuaren erresakak", baieztatu du. Zentzu horretan, nahitaezkotzat jo du "pandemiak areagotu dituen beharrei berehalako irtenbidea ematea".

Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik Euskadin izan diren txertaketa irregularrak hartu ditu hizpide saioaren hasieran, eta proiektuari buruz esan du ez dagoela "egungo erronka historikoaren pare, krisia afera igarokor bat bezala ikusten duelako Jaurlaritzak". Horrenbestez, "egiturazko aldaketak" dituen aurrekontu proiektu bat defendatu du.

Koalizio horretako ordezkari Jon Hernandezek ere hartu du hitza gaurko eztabaida saioan. Negoziatzeko prest zeudela, baina Jaurlaritzak ez zuela "edukien inguruan" berbarik egin nahi izan gogorarazi du: "Besteak beste, fiskalitatearen inguruan".

Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioaren bozeramaileak Gotzone Sagarduiren dimisioa eskatuz hasi du agerraldia, eta aurkeztu duten osoko zuzenketan egin du azpimarra, osasun eta azpiegitura arloko inbertsioak hazteko eta "lanpostuak bermatzeko" dagoen "alternatiba bakarra" dela argudiatuta.

Bukatzeko, proiektuaren kontra azaldu da Voxeko Amaia Martinez, "kontinuista eta arduragabea" delako, eta "errealitatetik oso urruti" dagoelako.

Oposizioak egindako adierazpenei EAJ alderdiko Joseba Egibarrek eta Itxaso Berrojalbizek eta PSE-EEko Susana Corcuerak erantzun diete. Alde batekoak zein bestekoak penatuta agertu dira babesik lortu ez dutelako, baina aurkeztutako aurrekontuen alde egin dute berriro.

Azpiazu kexu, "lehentasun politikoa gailendu delako"

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua atsekabetuta agertu da Eusko Jaurlaritzak ez duelako oposizioko alderdiekin 2021eko aurrekontuekin lotutako akordiorik lortu, "lehentasun politikoak gailendu direlako".

"Ez da errealista eta ez du aldez aurretiko jarrera onik erakusten irizpide politikoek aurrekontuen onespena baldintzatzeak", esan du sailburuak ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Bertan, aurrekontu proiektuaren ildo nagusien berri eman du, oposizioak (EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs koalizioa eta Vox) aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatu dituzten saio berean.

BIDEOA: Oposizioaren osoko zuzenketak atzera bota eta aurrekontuak otsailaren 11n onartuko dira:

Oposizioaren osoko zuzenketak atzera bota eta aurrekontuak otsailaren 11n onartuko dira
Oposizioaren osoko zuzenketak atzera bota eta aurrekontuak otsailaren 11n onartuko dira
Oposizioaren osoko zuzenketak atzera bota eta aurrekontuak otsailaren 11n onartuko dira

1:11

Eusko Jaurlaritzak 12.442 milioi euroko aurrekontua diseinatu du 2021erako, iazkoa baino % 5,7 handiagoa. Gastu erreala, berriz, 2020koa baino 770 milioi euro handiagoa izango da (% 7,1 gehiago).

Datu horiek gogora ekarri ostean, Ekonomia sailburuak esan du "aurtengoa urte desberdina" dela, covid-19aren pandemia tarteko. Euskadi suspertze ekonomikoaren atalasean dagoela gaineratu du, eta berretsi du ez dutela politika publikoetan murrizketarik egingo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EAE Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak