Ekonomia -
Iruzkina
Biharamuna
Merkatuek ez dute atseden eman eta jaitsierekin eman diote 'ongietorria' PPren garaipenari.
Pedro G. Larragan
Inbestitzaileek eta burtsak jaitsierekin eta konfiantza askorik gabe egin diote harrera Mariano Rajoyri.
Espainiako burtsa % 3,48 jaitsi zen atzo, arrisku saria igo egin da eta bonu espainiarren errentagarritasuna % 6,5etik gorakoa da berriro.
Egia da egoera ez dela iragan astekoa bezain kezkagarria, baina inbestitzaileek ez dute arnasa eman. Adituek uste dute inbestitzaileek kontuan zutela aspalditik PPren garaipena, inkesta guztiek hala aurrez ikusten zutelako. Itxaron beharko da, beraz, Mariano Rajoyk Zapaterok baino sinesgarritasun handiagoa duen egiaztatzeko.
Inbestitzaileei mezua emateko edo, Alvaro Nadal PPko Ekonomia idazkariak ohartarazi du lan merkatua erreformatuko dutela, eta sindikatuak zentzuzkoak ez badira, gehiengo osoa ezarriko dutela.
Rajoyren talde ekonomikoaren 'bigarrenak' esan du lan merkatua erreformatu beharra dagoela, munduan txartoen funtzionatzen duena delakoan. Mezu argia merkatuentzat.
Espainiako Altxorrak beste bi zor jaulkipen egingo ditu aste honetan. Oraindik goiz izango da Rajoyren lidergoaren sinesgarritasuna neurtzeko, baina dudarik gabe tendentzia ezarriko du.