Ekonomia -
Abenduaren 1ean
Greziako Gobernu berriaren planen kontrako lehen greba deitu dute
GSEE sindikatuak 24 orduko lanuztea deitu du datorren abenduaren 1ea. Bitartean, Papadimosek Europar Batasunak 8.000 milioi euroko laguntza desblokeatzeko bilerekin jarraitzen du.
Erredakzioa
GSEE sindikatuak, Greziako sektore pribatuko langileak biltzen dituenak 24 orduko lanuztea deitu du datorren abenduaren 1ean Gobernu berriak 2012rako aurreikusten duen murrizketa planaren kontra protesta egiteko.
"Lanuztearen helburua murrizketak jasotzen dituen aurrekontuaren kontra protesta egitea da", esan du sindikatuko bozeramaile batek.
Kargu hartu berri duen Gobernuaren kontrako lehen lanuzte garrantzitsua izango litzateke. GSEE sindikatua 2,5 milioi langileren ordezkaria da.
Greziako langile publikoen sindikatuak, ADEDYk gaur argituko du grebarekin bat egingo duen ala ez.
2012ko aurrekontuak abenduaren 7an bozkatuko dira Parlamentuan. Besteak beste, defizita % 9tik % 6,7ra murriztu nahi du. Hori da hain zuzen Euroguneak eta nazioarteko finantza erakundeek erreskate planaren truke jarri dieten baldintzetako bat.
Papadimos Junckerrekin bilduko da gaur
Lukas Papadimos Greziako lehen ministroa herrialdeak beharrezkoa duen laguntza desblokeatzen saiatuko da Luxenburgon, bertan Jean-Claude Junckerrekin bilduko da.
Papadimos Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin eta eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin bildu zen atzo Bruselan.
Papadimosek Greziako alderdi politikoetako ordezkariak defendatu zituen asteleheneko bileran. Europak hitzartutako neurriak idatziz ematea eskatzen die Greziako ordezkari politikoei, baina azken hauek, oraingoz, ez dute horrelakorik egin. Hain justu, Europar Batasunak Greziak beharrezkoa duen 8.000 milioi euroko erreskatea desblokeatzeko ezartzen dien baldintza da hori.
Junckerrek behin eta berriz errepikatu du eskutitz hori Eurotaldeak laguntza desblokeatu eta 130.000 milioiko bigarren erreskatea negoziatzen hasteko nahitaezko baldintza dela.