Ekonomia -
Eskumuturrak
Power Balancek porrot egin du eta bezeroei dirua bueltatu beharko die
Kaliforniako enpresak 54 milioi ordaindu beharko dizkie iruzur egindako AEBetako bezeroei.
Power Balance, oreka, indarra eta elastikotasuna areagotzen zituen eskumuturrak egin zituen enpresak, ateak itxi beharko ditu AEBetako hainbat bezerok jarritako salaketaren ondorioz. TMZ webgunean jakinarazi duenez, Kaliforniako enpresak 57,4 milioi ordaindu beharko dizkie, "iruzurra" egiteagatik.
Hala ere, beste zenbait iturrik, kopuru gutxiagoko isuna izango dela aipatu dute. Dena delakoa, Power Balancek ateak itxi beharko ditu zor hori ordaindu ahal izateko, nahiz eta mundu mailan milioika eskumutur saldu dituen.
30 dolarren truke saltzen zuten eskumutur ospetsua (ia 23 euro). Gorputzaren energia naturala orekatzeko ahalmena zeukala saldu zuten, baina, iragan abenduan, Power Balancek iruzur egin zuela onartu egin zuen.
Iragan irailean, Andaluziako Gobernuak 15.000 euroko isuna jarri zion Power Balance enpresari, egindako iruzurragatik. Isuna "barregarria" zela salatu zuen Facuak orduan. Zigorra publizitate iruzurtia egiteagatik jarri zioten, Malagako Osasun probintzi ordezkaritzaren urriaren 18ko erabaki baten arabera.