Ekonomia -
Zorraren krisia
Bruselak eurobonuak sartzeko aukerari bultzada eman dio
Angela Merkel kantzilerrak aukera horren kontrako jarrera azaldu du beste behin, eta Europako Batzordeak gaia mahai gainean jarri izana kritikatu du.
Erredakzioa
Europako Batzordeak eurogunean zorraren bonu bateratuak sartzeko aukerari bultzada eman dio gaur eta aurrekontu nazionalak kontrolatzeko hainbat neurrirekin batera eurobonuen inguruko proposamenak aurkeztu ditu.
Jose Manuel Durao Barrosok, "bonu egonkorren" bideragarritasunaren inguruko liburu berdea aurkeztu du eta eztabaida ireki du aldi baterako.
Europako Batzordeak eurobonuen inguruko hiru proposamen aztertzen ari da. Lehenengo aukerak bonu nazionalak bonu egonkorrengatik ordezkatuak izatea jasotzen du, estatu guztien bermearekin. Beste bi aukerek, berriz, estatuen bermearekin edo bermerik gabeko bonuen ordezkapen partziala aurreikusten dute.
Angela Merkel ez dago ados
Angela Merkel kantzilerrak, beste behin, krisiari aurre egiteko proposatutako eurobonuen inguruko desadostasuna erakutsi du. Halaber, Europako Batzordeak gaia mahai gainean jarri izana kritikatu du Bruselaren jarrera "deitoragarria eta desegokia" dela esanez.
Eurobonuak martxan jarriz gero, finantza publikoak gainbegiratu behar dituzten herrialdeen esfortzua txikituko dela uste du Alemaniak gainerakoen bermean oinarrituta.