Ekonomia -

Lan-gatazka

PCBk bertan behera utziko du greba, baina "borroka fase berri bat" iragarri du

Bide judizialean dute jarrita esperantza, Lan Ikuskaritzak Lan Erregulazio Txostenaz esan baitzuen kaleratzeak ez direla "beharrezkoak" eta badaudela "beste aukera batzuk".

PCBko langileen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe
PCBko langileen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe
PCBko langileen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ITP Aero taldeko PCB enpresako batzordeak iragarri du greba mugagabea bertan behera geratuko dela astelehenetik, hilaren 8tik, aurrera. Urtarrilaren 7an hasi zen lanuztea, baina aurrerantzean beste "borroka fase berri bat" jarriko dute abian, eta tartean "lanuzteak" egingo dituzte, Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako langile kaleratuak lanera itzul daitezen

"Hau puntu eta jarraia da. Greba bertan behera uzteak ez du esan nahi ezer gelditu behar denik. Langileok eta enpresa batzordeak mobilizatzen jarraituko dugu, eta erakundeen atea jotzen", adierazi du Angel Roriguez enpresa batzordeko presidenteak gaur, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko erakundearen egoitzaren parean.

Enpresa batzordeak gogorarazi du azkeneko astean "bitan" adierazi diotela PCBren zuzendaritzari lanpostu guztiei eusteko "elkarrizketarako" prestutasuna, baina enpresak "kaleratzeez bakarrik hitz egiteko" bilduko dela erantzun omen du.

Rodriguezek azpimarratu du mobilizazioek jarraitu egin behar dutela "lanpostuak salbatzeko" eta "lankideak lantegira itzultzea lortzeko".

Langileen ordezkariak esan du bide judizialean dutela jarrita esperantza, Lan Ikuskaritzak Lan Erregulazio Txostenaz ondorioztatu baitzuen kaleratzeak ez direla "beharrezkoak" eta badaudela "beste aukera batzuk".

"Nahikoa elementu ditugu egoera irauliko dugula pentsatzeko, txostena epaitegien bidez utziko dugula bertan behera", adierazi du Rodriguezek, erakunde guztien jokabidea kritikatu aurretik.

"Atsekabetu egiten gaitu prozesu honetan ez direlako inplikatzen, nahiz eta horretara behartuta egon, enpresek diru-laguntzak jaso dituzten heinean"”, gaitzetsi du.

Gainera, gogorarazi du Industria Sailak bi aldiz egin diola uko langileekin hitz egiteari, "pisuzko aitzakiarik gabe".

Langileen arabera, "etengabe lan egin duen saila" Segurtasunarena izan da, "lantegira etorri da beti, lanpostuak defendatu besterik egin ez duten langileen aurka bortizkeria erabiltzera".

Asteazkenean, Iñigo Urkullu lehendakariak barkamena eskatu zion Javi Gomez CCOO Euskadiren Industria Federazioko idazkari nagusiari, astelehenean ertzain batek, PCBren atarian, sudurra hautsi ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Eusko Jaurlaritza EAE Enplegu erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Industria