Ekonomia -
Inbertsioak erakarri
ETAren bukaera esportatzeko baliatzea eskatu du lehendakariak
Patxi Lopezen hitzetan, ekonomia eta produkzioa nazioarte mailara eramatea da suspertzeko eta hazteko bermerik onena.
Erredakzioa
ETA bukatu izana nazioarteko merkatuetan aukerak bilatzeko eta nazioarteko enpresen inbertsioak erakartzeko erabiltzea eskatu die Patxi Lopez lehendakariak enpresei.
Patxi Lopezen esanetan, ekonomia eta produkzioa nazioarte mailara eramatea da suspertzeko eta hazteko bermerik onena.
Arabako Merkataritza Ganberak nazioartera gehien zabaldu diren Arabako enpresei emandako sarien banaketa ekitaldian egin ditu adierazpen horiek Lopezek.
Produktuak eta zerbitzuak beste merkatuetan eskaintzea "beharrezkoa eta derrigorrezkoa" dela esan du lehendakariak, hori baita "krisi egoera honi aurre egiteko modurik onena".
"Hazkunde berme sendoa da. Eta ondo egiten ari gara. Euskadin badakigu nazioarteko merkatu horretan lehiakor izaten, eta lehen seihilekoan esportazioek % 15 egin dute gora", azaldu du.
Lehendakariaren hitzetan, "helburu handiagoak izan behar ditugu" eta enpresek "aukeren bila" jarraitu behar dute.