Ekonomia -

Krisia Portugalen

Fitchek Portugalgo zorraren nota 'zabor bonuen' mailara jaitsi du

Kalifikazio agentziaren jaitsiera, hain justu, herrialdeak greba orokorra bizi duen egunean gauzatu da. Milaka herritarrek lanuztea egin dute Gobernuaren murrizketa neurrien kontra.

Greba orokorra deitu dute Portugalen. Argazkia: EFE
Greba orokorra deitu dute Portugalen. Argazkia: EFE
Fitchek Portugalgo zorraren nota 'zabor bonuen' mailara jaitsi du

01:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fitch kalifikazio agentziak Portugaldo zorraren kalifikazioa maila bat jaitsi du, hau da, "BB+"etik "BB-"era beheratu du eta maila hori "zabor bonuen" parekoa da.

Halaber, agentziak jaitsiera gehiago gertatu daitezkeela aurreikusi du.

Fitchek ohar batean kaleratu duenez, herrialdeak oso egoera zaila bizi du, defizit fiskal handia du, BPGren % 3ko jaitsiera aurreikusten da eta duen zorpetze maila handia dela eta zorraren kalitatea nabarmen jaitsi da.

Greba orokorra

Bitartean, Portugalen milaka langilek sindikatuek deitutako lanuzte orokorrarekin bat egin dute. Gobernuak Europar Batasunaren erreskatearen truke hitz emandako murrizketa neurrien kontra protesta egin dute.

Grebaren eraginez hegaldi asko bertan behera geratu dira, baita trenen eta autobusen joan etorria ere.

Portugaleko Gobernuaren hitzetan, grebak jarraipen txikia izan du funtzionarien artean, % 10,48k baino ez dute greba egin: hala ere, sindikatuen arabera, grebak arrakasta handia izan du.

Ildo horretan, sindikatuek azken 23 urteetako grebarik jendetsuena izan dela esan dute. 2010eko grebak izandako jarraipena baino handiagoa izan da; orduan, lau langiletik hiruk greba egin zutela uste dute.

Europar Batasunak 78.000 milioi euroko laguntza eman zion Portugali herrialdearen porrota sahiesteko. Laguntza horren truke Portugaldo Gobernuak murrizketa neurri gogorrak martxan jarriko zituela hitz eman zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea