Ekonomia -

koronabirusa

Zabalik daude berriro EAEko taberna eta jatetxeak, Auzitegi Nagusiaren babesarekin

Dena dela, Jaurlaritzak ezarritako zenbait murrizketa bete beharko dituzte ostalaritza establezimenduek; adibidez, 20:00etarako itxiko dituzte ateak.

Langile bat Gasteizko taberna batean garagardo bat ateratzen. Argazkia: EFE
Langile bat Gasteizko taberna batean garagardo bat ateratzen
Tabernak pertsianak altxatzen hasi dira

1:04

L.Z. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko taberna eta jatetxeek ateak ireki dituzte berriro. Covid-19aren kutsatze tasa altua izanagatik ere, ostalaritza establezimenduak zabaltzeko baimena jaso dute tabernariek EAEko udalerri guztietan, Justizia Auzitegi Nagusiak hala erabaki ostean.

Hain zuzen ere, aipatu auzitegiak onartu egin du ostalariek jarritako helegitea, eta gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak berriz irekitzeko baimena eman du bart.

Covid-19aren intzidentzia handia zuten udalerrietan ostalaritza ixteko erabakiaren kontra egin zuten Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ostalarien elkarteek. Kautelazko neurri gisa, eta auziaren muina aztertu bitartean, neurria bertan behera uzteko eskatu zioten Administrazioarekiko Auzien Salari. Eskaera hori aintzat hartzea ebatzi du, horrenbestez, justiziak. Eusko Jaurlaritzak bost eguneko epea dauka helegitea aurkezteko.

Bete beharreko neurriak

Ostalariek, baina, zenbait neurri bete behar dituzte taberna eta jatetxeak zabalik izan nahi badituzte:

- Edukiera % 50ekoa izatea

- Mahai ezberdinetan dauden pertsonen artean gutxienez metro eta erdiko tartea uztea

- Mahai bakoitzean gehienez 4 pertsona batu ahal dira

- Debekatuta dago zutik edo barran kontsumitzea

- Lokalak 20:00etarako egon behar dira itxita, eta ezin dira zabaldu 06:00ak baino lehen

- Eskariak entregatzeko epea 21:00ak arte izango da, eta etxean banaketa egitekoa, aldiz, 22:00ak arte

- Musukoa derrigorrezkoa da uneoro, edateko edo jateko unean bertan izan ezik.

Ostalariek erreskate plan baten beharra azpimarratu dute

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalaritza elkarteak gustura agertu dira erabakiarekin, gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak irekitzeko aukera emango dielako. Halere, covid-19ari aurre egiteko neurriek eragindako "galderak arintzeko" eta sektorea erreskatatzeko plan baten beharra berretsi dute.

Ostalariek aurkeztutako helegitean establezimenduak irekitzea eskatzen zen "kalte ekonomikoa larria" eta "konpontzeko zaila" izango zelako.

Orain, uste dute "agerian" geratu dela "ostalaritza irekitzeak ez dituela kutsatzeak ugaritzen, eta hartutako neurriak egokiak" direla. Horregatik, "ez zegoen justifikatuta" Eusko Jaurlaritzak hartutako neurria.

Eusko Jaurlaritza: "Erabaki oso larria da"

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak salatu du "oso larria" dela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrisku epidemiologikoa baloratzea. Azpimarratu du adituak direla neurriak proposatzen dituztenak, "aurreko olatuetako esperientzian oinarrituta", eta "emaitzak egiaztatzen" ari direla.

Auzitegiak gune gorrietan ostalaritza irekitzeko baimena eman eta ordu batzuetara Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak agiri bat irakurri du autoari erantzuteko.

Adierazpen horretan, Jaurlaritzak kritikatu du "tresna bat gutxiago" izango dutela pandemiaren "arriskua"ri aurre egiteko, eta are gehiago "inauteri garaia" izanda.

Jaurlaritzak egindako "kudeaketa kaskarra" kritikatu du oposizioak

Eusko Jaurlaritzak ostalaritzan ezarritako mugen "judizialiazioa" salatu du EH Bilduko legebiltzarkide Ibai Iriartek. Murrizketa horietako batzuk atzera bota ditu astearte honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta erabaki horrek agerian utzi du gaia kudeatzerakoan Jaurlaritzak "porrot egin duela", Iriarteren hitzetan.

Elkarrekin Podemos-IU koalizioko legebiltzarkide Jon Hernandezek, bere aldetik, argi utzi du Eusko Jaurlaritzak udalerri gorrietako taberna eta jatetxeak ixteko hartutako erabakiak ez zeukala inolako segurtasun juridikorik.

Bukatzeko, Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko presidenteak esan du Iñigo Urkullu lehendakarirentzat kolpe latza izan dela gaurko erabakia, eta ostalarien eskariei entzungor egiteagatik iritsi dela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak Tabernak Koronabirusa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak