Ekonomia -

ELA sindikatuak deituta

Martxoak 25 eta 30, beste bi greba egun Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

"Gipuzkoako historian sektore gatazka luzeenaren konponbidean aurrera egiteko" bilera bat deitzea eskatu dio ELAk Foru Aldundiari.

Protesta Gipuzkoako egoitzen sektorean. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Protesta Gipuzkoako egoitzen sektorean. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Protesta Gipuzkoako egoitzen sektorean. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk bi greba egun deitu ditu martxoaren 25erako eta 30erako Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Sindikatu abertzaleak salatu duenez, “lan-kargak” eta langileengan ondorio “psikologikoak” eta “emozionalak ikaragarriak” dira.

Aintzane Orbegozo ELAko bozeramaileak prentsaurrekoa eman du Donostian. Laster Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoekin bilera sorta egingo dutela iragarri du Orbegozok, “gogoetak eta proposamenak partekatzeko”.

“Gipuzkoako historian sektore gatazka luzeenaren konponbidean aurrera egiteko”, ELAk bilera batera deitzea eskatu dio Obergozok Foru Aldundiari. Guztira, sektoreko langileek 246 greba egin dituzte dagoeneko.

“Gipuzkoako egoitzetan gauzak ez daude ongi. Hitzarmenaren negoziazioak blokeaturik jarraitzen du, eta langileak emozionalki zein fisikoki egunero astinduagoak daude, pandemiaren ondorioengatik”, azaldu du Orbegozok. Testuinguru horretan, “adinekoen egoera ez da hobea, begi-bistako baliabide falta baten biktimak direlako”, azpimarratu duenez.

"Gipuzkoako egoitzetan gauzak ez daude ongi"

Aurtengo foru aurrekontuak hizpide izan ditu sindikatuko ordezkariak: “asteotan eztabaidatzen ari diren” aurrekontuak milioi bat euroko saila aurreikusten du hitzarmena indartzeko, “14 euro eskas gehiago beharginentzako; 2017tik hitzarmenik gabe eta 246 greba egun”. “Probokazio bat iruditzen zaigu”, kritikatu du.

Bestalde, iragan abenduan Aldundiak sindikatuei txosten bat aurkeztu ziela gogorarazi du Orbegozok, “Gizarte Politikak covid-19 garaian”, bi “adituk” egina, foru erakundeak eskatuta. “Esparruan neurri ezberdinak” proposatu zituzten, besteak beste, “egiturazko aldaketak” sektorean, ELAk nabarmendu duenez.

Orbegozoren hitzetan, “sektorearentzako profesionalak kontratatzeko zailtasuna” agerian utzi zuen txostenak. Sektore “feminizatu” baten “prekarietate” eta zentroen “kudeaketa ereduaren” ondorio dela uste du sindikatuak.

“Psikologikoki zein emozionalki hautsita daudela ohartarazten hilabeteak eman dituzten” langileentzako “erreparazio emozionala” aldarrikatu du sindikatuko ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa ELA Grebak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Lan gatazkak Koronabirusa Gipuzkoako Foru Aldundia