Ekonomia -
Zorraren krisia
Alemaniak ukatu egin du 'elite bonuak' prestatzen ari dela
Bestalde, Nazioateko Diru Funtsak gezurtatu egin du Italiako agintariekin herrialdearentzako laguntza plan bat negoziatzen ari denik.
Erredakzioa
Alemaniako Gobernuak ukatu egin du kaudimen handia duten hainbat herrialderekin batera bonuak erostea aztertzen ari dela.
Die Welt Alemaniako egunkariak kaleratu duen informazioa gezurtatu du hala. Alemaniako egunkariak argitaratu duenez, Merkelen Gobernua eta AAA maila duten beste bost herrialderekin batera (Frantzia, Finlandia, Herbehereak, Luxemburgo eta Austria) goreneko kaudimen mailako kalifikazioa duen zorra erostea aztertzen ari da, eurogunean arazoak dituzten herrialdeei laguntza eskaini behar izanez gero indartsu egoteko eta merkatuen erasoetatik babesteko.
Egunkariak dioenez, diplomazia iturriek eman die planaren berri eta arazoak dituzten herrialdeen artean Espainia eta Italia aipatzen ditu, baina Merkelen Gobernuko iturriek informazio hori baztertu egin dute.
Die Welten arabera, Angela Merkelek esku artean izango lukeen planak Europar Batasuneko 27 herrialdeek Itunetan egin nahi dituen aldaketak babesten ez badituzte jarriko luke martxan. Asteburuan komunikabide horrek jakimarazi duenez, Batasuneko itunen aldaketa horiek Nicolas Sarkozyrekin hitzartuta ditu kantzilerrak.
Euroguneari egonkortasuna ematea helburu luketen bonuentzat aurreikusitako interesa % 2 eta % 2,5 artekoa izango litzatekeela azaldu du egunkariak.
NDFk gezurtatu egin du Italiarekin erreskate plana prestatzen ari denik
Nazioarteko Diru Funtsak, berriz, Italiako agintariekin balizko erreskate plana prestatzen ari dela dioten informazioak gezurtatu ditu. Hainbat komunikabide italiarrek erakundea Italiarentzako 600.000 euroko laguntza paketea prestatzen ari dela kaleratu dute asteburuan.
Naziarteko Diru Funtsako ordezkari batek zurrumurru horiek isilarazteko asmoz adierazpenak egin ditu. "Ez dago Nazioarteko Diru Funtsaren eta Italiako agintarien artean laguntza programa bat emateko negoziaziorik", esan du erakundeko kideak.
Egoeraren berri duen iturri batek, ordea, NDFko eta Italiako agintarien arteko harremanak indartu egin direla esan du, baina azaldu duenez, oraindik ez dago argi herrialdeak laguntza behar izanez gero nola lagundu.
Bestalde The Telegraph egunkariak dioenez, Cristine Lagarde presidente duen erakundeak Espainiari joan den astean onartutako kreditu lineara zuzenean sartzea eskaini diezaioke balizko erreskate bati heldu beharrean eta merkatuen zigorra saihesteko asmoz.