Ekonomia -

Washingtonen

Obama: 'AEBek Europari lagunduko diote krisiari aurre egiten'

Durao Barrosoren eta Van Rompuyren aurrean Obamak esan du "erabat garrantzitsua" dela AEBentzat Europak krisiari aurre egitea.

AEBetako eta EBko ordezkarien arteko goi-bilera. Argazkia: EFE
Obamak neurri gehiago exijitu dizkio Europari krisiari aurre egiteko

01:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidentearen hitzetan, AEBak "beren zatia egiteko prest" daude, Europako zorraren krisiari aurre egiteko.

Obamaren ahotan, krisiari aurre egitea "oso garrabtzitsua da" AEBentzat. Izan ere, Europako ekonomiak atzera egiten baldin badu "zailagoa izango da lanpostuak sortzea" AEBetan. Datorren urteko hauteskundeetan berriz presidente ateratzeko arazo nagusia da langabezia.

Jose Manuel Durao Barrosorekin eta Herman Van Rompuyrekin batera agertu da Obama gaur izan duten goi-bileraren ostean. Obamaren hitzetan, "erabat garrantzitsua" da krisiari aurre egitea; izan ere, Europako ekonomia okertzen bada "zailagoa da AEBetan lanpostuak sortzea".

Bestalde, Barrosok azaldu duenez, krisiari aurre egiteko "beharrezkoa" egingo dute Europako buruek. Ildo horretan, "erabakiek denbora behar dute, baina bide egokian gaude", esan du.

Van Rompuyren hitzetan, EBk eta AEBek "munduko harreman ekonomiko eta komertzial handiena" dute, eta beraz, "ekintza irmoak abian jarri behar ditugu hazkundearen epe laburreko arazoak eta ahulezia finantzarioak saihesteko".

Hori horrela, Euroguneko zorraren krisi larria izan da AEBek eta Europar Batasunak Washingtonen gaur egin duten bileraren gai nagusia. Barack Obamaren Gobernuak euroa salbatzeko behin betiko akordio bat lehenbailehen adosteko dei egin die, publikoan eta behin baino gehiagotan, europar agintariei; izan ere, AEBetako ekonomiak ere nabarituko luke horren eragin negatiboa.

Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak bilera honen bezperan aitortu duenez, "bai Bruselak bai Washingtonek ere epe laburrera hazkunde kezkei eta finantza ahuleziei aurre egiteko ekin beharko dute".

"Gure harreman ekonomiko indartsuak aprobetxatuko ditugu, batera, Atlantikoaren bi aldeetan hazkundea eta enplegua suspertzeko", aurreratu du Van Rompuyk, "AEBek eta Europar Batasunak mundu osoko merkataritza harreman ekonomiko sendoenak dituzte".

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea ere bileran izango da. Honen esanetan, "ezegonkortasuna eta aldaketa handiko une honetan, Atlantikoz haratagoko harreman hau inoiz baino funtsezkoago da".

Barrosok azaldu duenez, "bazkide estrategiko eta aliatu indartsu gisa, egungo erronka ekonomikoari aurre egiteko irtenbideak" Obamarekin eztabaidatzea espero dute.

"Batera lan egin behar dugu nazioarteko hazkundea bermatzeko", azpimarratu du portugaldarrak. Gainera, nazioarteko kooperazioa zabaltzeko beharra defendatu du Barrosok, "arau sendoetan eta zuzenetan oinarritutako sistema bat eraikitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea