Ekonomia -
CISen inkesta Espainian
Herritarren % 80k uste du zerga sistema ez dela justua
Ez dute uste gehien dutenek gehiago ordaintzen dutenik eta inkesta erantzun dutenen erdiak baino gehiagok dio zerga gehiegi ordaintzen duela.
Erredakzioa
Espainiarren % 82,8k uste du zerga sistema ez dela justua, hau da, ez dute uste gehien dutenek gehiago ordaintzen dutenik. Gainera, herritarren % 54,5ek dio zerga gehiegi ordaintzen duela.
Espainiako CIS erakundeak iritzi publikoari eta zerga politikoari buruz egindako inkestak agertzen duenez, inkesta erantzun dutenen % 61,5ek uste du Estatuari ordaintzen dionak onura gutxi edo bat ere ez diola ematen.
Era berean, ia hamarretik seik (%59,1) pentsatzen du zergetan ordaintzen duena baino zerbitzu publiko gutxiago jasotzen dituela Estatutik.
Zerga iruzurrari dagokionez, % 84,1ek uste du iruzur asko dagoela eta % 65,2ren arabera, Administrazioak gutxi edo oso gutxi egiten du horri aurre egiteko.
Gehienek (% 59) arduratsu jokatzen dute zergak ordaintzerakoan eta % 84,7k uste du Ogasunari iruzur egitea gizarteari iruzur egitea dela. Gainera, zerga gutxiago ordaintzeko bizilekua beste herrialde batean jartzea gaitzetsi egiten dute.
Herritarren arabera, enpresak, alderdi politikoak eta dirudunek egiten dute zerga-iruzur gehien.
Defizit publikoa murrizteko neurrien harira, % 88,3k ez ditu gastu sozialak murriztu nahi eta % 70,4 zergak igotzearen kontra dago.
Hala ere, % 30,7k begi onez joko luke azpiegitura publikoen inbertsioan murrizketak egitea eta % 27,5ek ura edo garbiketa bezalako zerbitzu publikoak pribatizatuko lituzke.
Uztailean egindako ikestak dioenez, gehienek (% 53,9) barneratua dute zergak beharrezkoak direla Estatuak zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko, baina % 34,2k ez du oso argi zergatik dagoen ordaintzera behartuta.
Orokorrean, herritarrak oso kritikoak dira zerbitzu publikoen funtzionamenduarekin, baina Osasunak eta garraio publikoak dira nota onena jaso dutenak.