Ekonomia -

2012ko Aurrekontuak

Jaurlaritzak 'on'tzat eman ditu PPren zuzenketak

Idoia Mendiak segurutzat eman du akordioa lortuko dutela, eta PPrekin jada hitz egin dutela azaldu du.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EFE
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "on"tzat eman ditu PPk 2012ko Aurrekontuei aurkeztutako zuzenketak eta, beraz, segurutzat eman du akordioa lortuko dutela.

Atzo, Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak esan zuen ez dituztela gustoko Jaurlaritzak diseinatutako Aurrekontuak, baina Euskadi Aurrekontu gabe uztea "suizidioa" litzatekeela gaineratu zuen.

Gobernu bileraren ostean eskainitako prentsaurrekoan, Mendiak esan du ez daudela kezkatuta PPk Patxi Lopez lehendakariaren Gobernuari egindako kritikak direla eta, eta tankera horretako mezuak "joko politikoa"ren parte direla gaineratu du. Halaber, PPrekin zuzenketak eztabaidatu dituztela iragarri du.

Bozeramailearen esanetan, 2012 "oso urte zaila" izango da, eurogunea atzeraldian sartuko den zantzuak baitaude, eta testuinguru horretan, aurrekontu proiektua "onena" da egoerari aurre egiteko.

Mendiak azaldu duenez, lehentasuna hezkuntzari, osasunari eta gizarte zerbitzuei eman diete, baina berrikuntzari eta garapenari ere bai.

PPren zuzenketei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako eledunak nabarmendu du "on"tzat ematen dituztela. "Eusko Jaurlaritzak iritzi batzuk ditu, eta PPk beste batzuk, baina funtsezko puntuetan ados gaude", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea