Ekonomia -

Entrevista en Radio Euskadi

Garbiñe Aranburu: "Jaurlaritzak babesik gabe utzi ditu Tubacexeko langileak"

LABeko idazkari nagusiak, bestalde, zalantzan jarri du Hidrogenoaren Euskal Korridorea, "trantsizio energetiko hori" ekosozialista ez dela iritzita, "kapitalismoari biderik ixten ez diolako".

Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia
Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia
Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia

EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tubecexeko langileek egindako grebaren harira sortutako istiluei buruz mintzatu da Radio Euskadiko "Boulevard" saioan LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu: "Tubacexek etekin izugarriak izan ditu, eta lan erreformaz baliatuta, errazenera jo du".

Ildo horretan, Aranburuk esan du enpresa horren arazoak "koiunturalak" direla, eta, beraz, Jaurlaritzak ez dituela beharginak babestu. Are gehiago, protestak gelditzeko asmoz-edo "Ertzaintza mobilizazioetara bidali izana" kritikatu du. Aranbururen ustez, irudi horiek "digeritzeko zailak" dira, baina "langileen jokabide duinaren adierazle" ere badira.

Lan erregulazio espedienteen inguruan ere hitz egin du, eta argi utzi du "lanpostu asko suntsitu dituztela" eta jende gazte asko esplotatu dutela. Horrekin lotuta, LABek uste du "mobilizazio handiak" behar direla, "baina ELAk ez du horretan parte hartu nahi". Hain zuzen ere, ELAri aurpegiratu dio "enplegu suntsiketaren aurrean harresi bat eraikitzeko orduan" batasun sindikalari bizkarra eman izana.

Aranbururen iritziz, ELAk ez du arlo pribatuan patronalarekin gatazkarik izan nahi, grebak eta Bizkaiko metalgintza sektorean egindako borrokak patronalarekin negoziatzeko bide eman diotelako. "Jokabide horrek boterearen aurkako sindikalismoa ahultzen du" eta "dinamika berriei atea ixten die", esan du.

Era berean, Aranburuk salatu du lan erreforma indargabetzeko dinamiketan ere betoa jarri diela ELAk. "Estatuari aurre egiteko orduan atzera egin du", haren esanetan.

Txertaketa kanpainari dagokionez, "plan argi bat eta gardentasunik ez egotea" penagarria dela irizten dio. LABeko idazkari nagusiarentzat, ez dituzte lehentasunak behar bezala ezarri: "Ertzainak anbulantzietako langileen aurretik jarri dituzte, zentzugabea da eta planifikazio eza erakusten du". Horregatik, Gotzone Sagarduiri egotzi dio kargua utzi ez izana.

"Egungo ekoizpen eta kontsumo eredua zalantzan jarri beharrean gaude". LABek dio Petronorrek eta beste 78 erakundek bultzatutako Hidrogenoaren Euskal Korridorearen proiektuak ez diola "trantsizio ekosozialistari" erantzuten, alegia, ez diola kapitalismoari biderik ixten: "Ikusi beharko da estrategiko gisa definitu duten egitasmoa nola gauzatzen duten eta lan bermerik gabeko diru publiko horren kontrol politikoa eta soziala nola bideratzen duten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Eusko Jaurlaritza berriak ELA LAB EAE Tubacex albisteak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Sendagaiak Txertoak Lan gatazkak gaur Burdingintza