Ekonomia -

Eusko Legebiltzarra

Gizarte laguntzak % 7 murriztearen kontra agertu da EAJ

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen kontrako zuzenketak aurkeztu dituzte gaur oposizioko alderdiek.

EAJk esan du krisi ekonomikoagatik ez dutela osoko zuzenketarik aurkeztu. Argazkia: Efe
EAJk esan du krisi ekonomikoagatik ez dutela osoko zuzenketarik aurkeztu.
Guztira 1.000 zuzenketa aurkeztu dizkiete alderdiek aurrekontuei

01:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei zuzenketak aurkeztu ondoren, gaur oposizioko gainerako alderdien txanda izan da.

Gaur amaitu da Patxi Lopezen Jaurlaritzaren aurrekontuen proiektuari zuzenketak aurkezteko epea eta hemendik aurrera eztabaidak egongo dira Legebiltzarrean abenduaren 23a arte, testuaren behin betiko bozketa egiten duten arte.

Aralarrek, EAk, EBk eta UPyDk osoko zuzenketak aurkeztu dituzte lege proiektua atzera botatzeko eskatuz, baina ziurrenik zuzenketek ez dute aurrera egingo abenduaren 9ko osoko-bilkuran.

Gero eztabaidak batzordeetan egingo dira zuzenketa partzialen kasuan: EAJren 239, PSE-EEren 30, PPren 118, Aralarren 604, EAren 264, EBren 144 eta UPyDren 172.

Alderdi Popularrak sozialisten aurrekontuekin bat egiten ez duen arren, eta nahiz eta legegintzaldi osoko txarrenak direla aitortu, EAE aurrekonturik gabe ezin dela utzi iritzi dio.

PPk lehen aldiz bere aldetik aurkeztu ditu zuzenketak, ez ditu PSE-EErekin adostu, baina sozialistak eta Jaurlaritza ziur daude PPk babesa emango diela.

EAJk ez du iragarri abstentzioa emango ote duen iaz egin zuen moduan, edo kontra bozkatuko duen, baina osoko zuzenketarik ez aurkeztea erabaki du.

Aurrekontuak 10.449 milioi eurokoak dira, aurtengoak baino % 1 txikiagoak, eta Etxebizitza eta Lehendakaritzak izan ezik denetan egon dira murrizketak.

Polemika gehien eragin duen neurrietako bat gizarte-laguntzak % 7 murriztearena izan da.

Zuzenketak

EAJk 239 zuzenketa partzial aurkeztu ditu 2012ko aurrekontuen kontra, eta horietako batean gizarte laguntzak % 7 murriztearen kontra agertu da. Aurten, iaz bezala, EAJk ez du osoko zuzenketarik aurkeztu nahi izan ekonomia krisia dela eta.

Aralarrek Legebiltzarrean duen taldeak 604 zuzenketa partzial aurkeztu ditu 2012ko aurrekontuen kontra. Besteak beste, Jaurlaritzako kargudun ohien pentsioak handitzeko bi milioi euroko partida errefusatu du "etikoki onartezina" delakoan.

Juanjo Agirrezabala EAren legebiltzarkideak osoko zuzenketa aurkeztu du eta 236 milioi eurori eragiten dien 264 zuzenketa partzial. Zuzenketa horien artean, euskal presoen senideei ematen zitzaien 300.000 euroko laguntza berreskuratzea eskatzen du. Juan Jose Ibarretxeren Jaurlaritzak sortu zuen partida hori eta sozialistek kendu zuten Ajuria Enera iritsi zirenean.

Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak osoko zuzenketa aurkeztu du aurrekontuen kontra, izan ere, bere ustez ez die krisiari aurre egiten eta "ez du Euskadik behar duen aldaketa politikoa sustatzen". Maneirok Jaurlaritzaren proiektua atzera botatzea eskatu du eta 220 milioi eurori eragiten dien 172 zuzenketa partzial aurkeztu ditu.

Mikel Arana EBren legebiltzarkideak ere aurrekontuak atzera botatzea eskatu du, "murrizketak" direlako nagusi eta behar handiena dutenak "zigortzen" dituztelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea