Ekonomia -
'Barça Gate'
Josep Maria Bartomeu Bartzelonako presidente ohia atxilotu dute
Mossoek Camp Nouko bulegoak miatu eta beste hiru pertsona (tartean Oscar Grau taldeko egungo zuzendari nagusia) atxilotu dituzte "Barça Gate" izenez ezaguna den ikerketarekin lotuta.
E. G. | EITB MEDIA
Esquadra Mossoek Josep Maria Bartomeu Bartzelona futbol taldeko presidente ohia atxilotu dute gaur, Camp Nouko bulegoak miatu ondoren, Prisa taldeko komunikabideek aurreratu dutenez.
Bartomeurekin batera, Oscar Grau taldeko egungo zuzendari nagusia, Roman Gomez Ponti Bartzelonako zerbitzu juridikoen arduraduna eta Jaume Masferrer Presidentetzako zuzendari izandakoa hartu dituzte atxilo.
Atxiloketok eta miaketok "Barça Gate" delakoarekin dute zerikusia. Auzia 2020ko otsailean sortu zen, eta horregatik, besteak beste, dimititu zuen Bartomeuk.
Ustezko administrazio desleiala eta ustelkeria delituengatik auzia ikertzen ari da Bartzelonako 13. zenbakiko Instrukzio epaitegia, Dignitat Blaugrana jarraitzaile taldearen salaketa bat tramitera onartu ostean.
Ikerketak futbol taldearen sare sozialak monitorizatzeko enpresen kontratazioa du jomuga. Zehazki, Bartzelonak i3 Ventures enpresari ordaindutako milioi bat euro daude ikerketapean—198.000 euro ordaindu zizkioten, bost zatitan, klubaren barne kontrola pasatu gabe—. Enpresa horrek hainbat sare sozial kontu eramaten zituen, eta horietatik Leo Messi edo Gerard Pique jokalarien edo Joan Laporta edo Victor Font presidentegaien kontrako mezuak bidaltzen zituzten.
Mossoen agente bat, miaketetan. Argazkia: EFE
Ez da lehen aldia Esquadra Mossoak Camp Nouko bulegoetan sartzen direna. Uztailean ere miaketak egin zituzten, ikerketa horrekin lotuta orduan ere.